entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
XABIER GARTZIA IRIZAR 2003-02-11

BORROKAN doinuen kontrabandistak (horrela ziren 2003an)

Borrokan Borrokan
Nafarroako Berak euskal musikan aitzindari izaten jarraitzen du sortzen dituen taldeei esker. Borrokanen musikak, bere gune geografikoak bezala, errepide bihurgunetsuetatik jotzen du musikaren ortodoxia alde batera utziz. Gazteak dira eta zuzen, azkar eta apainketarik gabe mintzo dira, beraien musikan agertzen duten anti-barrokismo eta mikaztasunaren bila.


Entzun! aldizkariaren azken zenbakian Xabier Montoiak Berako talde musikalen giro ona aipatzen zuen. Zuek nola ikusten duzue?

Ematen du herrian urte anitzetan entseatzen aritu diren talde batzuk azken boladan atera dituztela lanak eta agian horregatik izanen da zuk aipatzen duzun giro ona. Gaur egun bagara 6-7 bat talde lokal berdinetan, estilo nahiko desberdinetakoak, eta gure arteko harremana hagitz ona da.

Borrokan taldeko partaideek beste proiekturik ba ote dituzue? Uste dut baten-bat Onddo taldean ere jotzen duela, hala da?

Bai, Ibai (gitarra) Onddo taldean ere aritzen da (eta laster Montoiaren zuzenekoan ere parte hartzen ahal du).

Zuzeneko soinua asko zaintzen duzue. Iruditzen al zaizue rock soinu zakarraren garaiak igaro direla? Behar ote du rock musikak hainbesteko fintasuna?

Talde bakoitzak, rock edo heavy metala jo arren, bere zuzenekoarekin nahi edo ahal duena egiten du. Guk, beste gauzen artean, soinuari garrantzi dezente ematen diogu.

Zuen diskoa autoekoiztu duzue. Jakin dut Metak diskoetxeak diskoa plazaratzeko proposamena egin zizuela. Zergatik eman zenioten ezezkoa?

Besterik gabe, Metak-en proposamena entzun genuen eta beste bide bat hartzea erabaki genuen. Kontent gaude orduz geroztik egin dugun guztiarekin. Diskoa gure kabuz egiten asko ikasi dugu.

Post-rock angloxajoiaren inguruko musikak al dira zuen eragin handienak? Aipatu talderen bat, mesedez.

Musika mota desberdin nahiko aditzeko aukera izan dugula esaten badugu, ez dugu segur aski gezur handirik esaten. Pentsatzen dugu orain dela 8 urte entzuten genuenak eta beranduago ezagutu ditugun soinuek eragina izan dutela guk egiten dugunean. Gainera, gustuko taldeak uste baino hurbilago aurki ditzakegu maiz.

Abestiak konposatzeko orduan norbaitek hartzen al du ardura bereziki, ala denen arteko elkarlana izaten da?

Diskoko kantak nahiko zaharrak dira eta hauek denen artean aldatzen joan gara. Grabatzen aritu ginenean, kantak dezente moldatu genituen.

Zuzenekoetan abeslariak bateria-kaxa bat ere jotzen du abesten duela. Hori nahiko bitxia gertatzen da. Zer lortu nahi duzue horrekin?

Kantak grabatzeko momentuan izan genuen bigarren kaxaren ideia eta ondoren zuzenekoetarako grabazioan egindakoa prestatu genuen.

Zuen hitzetan mezurik zabaldu nahi al duzue? Helburu literariorik al dute hitzek?

Hitzen helburua ez da literarioa, baina musikarekin batera zerbait iradoki dezaten saiatzen gara eta hori mezu gisa ulertzea posiblea da. Baten batek aipatu digu hitzak gustuko izan dituela, beraz animatu ezkero, agian baduzue non entretenitu!

Borrokan taldearen izena nola sortu zen?

94an Berako Nafarroa Oinezerako diskoan abesti bat grabatu genuen eta izen bat eskatu ziguten. Ikastolako 8. mailan egonen ginen eta horrela erabaki genuen. Oso izen polita da, ez?

Nola ikusten duzue orokorrean gaur egungo Euskal Herriko musika mugimendua (taldeak, zuzenean jotzeko lekuak, laguntza instituzionalak, entzuleak komunikabideak, etab.)?

Galdera zabala da eta agian zaila erantzuten. Iruditzen zaigu talde desberdin batzuk diskoa kaleratzea lortu dutela azken urteetan, eta zerbait grabatzeko baliabide materialak eskuragarriago dauden heinean, inguruko musikaren dibertsitatea eta kalitatea handitu daitekeela. Bertzalde, guk gaztetxeetako jendearen laguntzagatik eskaini dugu kontzertu mordo bat, nahiz eta maiz baldintzak kaxkarrak izan. Entzuleak? Zaila da diskoa autoekoiztu eta bere gisa zabaldu duen talde batek kontzertu erraldoi bat ematea, baina kontent gaude erantzunarekin, jende talde ttiki bat behintzat gustura gelditu dela iruditzen zaigu.

2003, OTSAILA-MARTXOA
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.