entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Joxi Ubeda 2015-09-15

Perlak "Elkarrekin jotzen hasi ginenean, dena horrela joango zenik ez genuen pentsatzen"

Perlak taldea. Perlak taldea.
Perlak bandcamp
Lotura erlazionatuak
Ustekabe ederra izan da Perlak taldearen diskoa. Altxor bat. Ilargi Agirre (bateria, ahotsak), Maite Martiarena (ahotsa, gitarra, teklatuak), Oihane Abarrategi (ahotsa, gitarra, teklatuak) eta Patxi Agirre (ahotsa, baxua, teklatuak) 2013an elkarrekin jotzen hasi ziren.


Denbora gutxian, hilabete gutxi batzuetan, diskoa kaleratu duzue, Gaztea Maketa Lehiaketako finalera iritsi zarete, Udaberri Fest jaialdian parte hartu duzue, eta emanaldi batzuk ere egin dituzue. Oro har, nola ikusten duzue hain denbora gutxian egindako hori guztia?
Ilusio handiz, egia esan. Talde gaztea izanik, bilakaera polita izan dugula iruditzen zaigu, zuk diozun moduan, hain denbora gutxian. Gure lehen kontzertutik hona musikalki asko hobetu dugu, eta hori diskoaren grabaketari esker ere izan da, egiten genuena serioago hartzen hasi ginelako, eta abestietan gehiago sakontzen.

Zer moduz diskoa? Gustura gelditu zarete?
Ez genuen horrelako emaitzarik espero, eta oso gustura gaude. Gainera, grabaketa prozesua sekulako esperientzia izan zen. Mungiako Gaua estudioan grabatu genuen, eta estudioaren alboan logelak eta sukalde bat ere dauzkate. Hantxe egon ginen taldekide guztiok astebetez bizitzen. Elkarbizitza ederra izan zen gure artean eta Gauako jendearekin, eta denboraren zentzua ere galdu egin genuen zenbaitetan, hainbeste sartzen zara musikan eta grabazioan... Bizitako sentipenekin geratzen gara, batez ere, helmugara iristeko egindako bide guztiarekin.

Zer esan dizuete diskoari buruz lagunek eta ingurukoek? Komunikabideetan eta Interneteko sare sozialetan?
Orokorrean, zoriondu egin gaituzte eta kritikak oso onak izan dira, askorentzat ezusteko polita. Orain arte egin dizkiguten kritikak oso positiboak izan dira; Argia, Berria, Urola Kostako Hitza eta Zarata Mondo Sonoro-n atera dira gure diskoari buruzko aipamenak. Trapagarango blogero batek ere elkarrizketa polita egin zigun. Musikari profesionalen batek eta musika munduan dabiltzan batzuk ere jarri dira gurekin harremanetan egin dugunarengatik zorionduz. Gure musika baloratzen dutela ikusi dugu, azken finean. Euskal Herrian eta euskaraz mota honetako musikarik ez dela egiten azpimarratzen digute, batez ere.

Zer moduz, oro har, orain arte egindako emanaldiak?
Denetarik egon da, esan bezala, talde gaztea gara, eta hasieran urduri samar jartzen ginen taula gainean. Baina pixkanaka hobetzen ari gara, oso ondo pasatzen dugu kontzertuetan, eta hori jendeari iristen zaiola uste dugu. Gustuko tokietan ari gara jotzen, gainera. Bilboko Kafe Antzokian, Donostiako Dokan edota Dabadaba aretoetan jotzea, esaterako, batzuk aipatzearren, guretzat aukera izugarriak dira. Oholtza gainean gero eta gehiago gozatzen dugula ikusten dugu, eta kontzertuak ateratzen zaizkigula. Ikusleen artean entzun dugun onena zuzenekoan diskoa gainditzen dugula izan da.

Diskoa Udaberri Fest jaialdian aurkeztu zenuten, Zarautzen, zuen herrian. Zer moduz? Horrelako jaialdi batean parte hartzea pozgarria da, ezta?
Kontzertu polita eta berezia izan zen guretzat. 2013an Udaberri Klub Maratoian eskaini genuen gure lehen kontzertua, eta urtebete beranduago diskoa aurkezten oholtza handian egoteak ilusio handia egiten zigun. Primeran pasatu genuen, eta jendearen harrera oso ona izan zen.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.