entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Gorka Erostarbe 2007-04-01

LISABÖ agerikoa eta ezkutukoa

Lisabo Lisabo

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Kanpoko ezlekuei bezala erreparatu die barrukoei ere Lisabök Ezlekuak lan berrian; ageriko eta ezkutuko Lisabö azaleratzen saiatu gara ondoko solasaldian.

Irungoak (Gipuzkoa) dira, eta Irunen izan da hitzordua. Karlos Osinaga (gitarra) eta Ionyu (baxua) joan dira kazetaria bera jasotzera tren geltokira, Ezlekuak azken diskoan aipatzen duten (ez)leku horietako batera. Kanpoaldeko auzo bateko taberna erdi galdu batean (beste ezleku bat) hasi da gidoi jakinik gabeko hizketaldia.

ATSEDEN ARRISKUTSUAK

Ezarian (2000, Esan Ozenki) diskoa kaleratu eta gero egindako biraren ostean ia bost urtez egon zen Lisabö zuzenekorik jo gabe, harik eta iazko abendu bukaeran Durangoko Plateruena Kafe Antzokian berriro hasi ziren arte.

Karlos (K): Nahiko zorte txarra izan dugu. Ezarian-en bira bukatu eta Egun Bat Nonahi atera genuenean (Acuarela, 2002), taldeko batzuk atsedena hartu nahi zuten, eta ondo zegoen baina, atsedenak arriskutsuak dira: lehenengo hilabetean kosta egiten zaizu beste dinamika bat hartzea, bigarrenean ohitzen zoaz, eta gero zaila egiten dena berriro jotzen hastea da. Gainera, Aidaren osasun arazoak heldu ziren, eta oso zaila zen aurrera egitea. Gero taldea birmoldatu genuen. Berriro indarra hartu eta Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak (Metak, 2005) kaleratu genuen. Hala ere, disko horretako errepertorioarekin kontzertu bat egitea oso zaila zen. Pentsatu genuen, baina, oso zaila zen, jende asko, diru asko... Orduan, pentsatu genuen errazagoa zela disko bat egitea.
Ionyu (I): Izkiriaturik aurkitu ditudan gurak atera ondoren, beste atseden txiki bat hartu genuen, baina jarraitzen genuen lokalera joaten. Erabaki genuen disko bat egingo genuela eta harekin kontzertuak emango genituela. Dena poliki joan da, baina azkenean iritsi da Ezlekuak.

AZKEN ALDAKETAK

Ezlekuak grabatu aurretik talde egitura berriro aldatu behar izan zuen Lisabök. Aida Torresek bateria utzi zuen. Ivan Zabalegi bateria jotzera itzuli eta Javi Manterola berriro sartu zen taldean, Amodio proiektua osatu eta gero.

K: Javi itzuli aurretik igaro genuen unerik kritikoena agian. Taldea deseginda zegoen ia-ia. Aidak esan zuenean “astelehenean hitz egin behar dugu…”, bagenekien albiste txarra izango zela. Orduan esan zigun utzi egin behar zuela eta kolpe gogorra izan zen. Laurok jarraitzea posible zen musikalki, baina, adibidez, bateria batekin gelditzea ez genuen ikusten, eta beste bateria jotzaile bat hartzea… akaso zen taldea gehiegi desbirtuatzea, behartzea.
Ionyu (I): Aidak utzi zuenean, denok erori ginen pixka bat. Aida gabe, Lisabök zentzurik ez zuela uste genuen. Aidak pisu handia zuen taldean. Horregatik, Javiren itzulera garrantzitsua izan zen.
K: Javik lehenago ere aipatu zigun gustura itzuliko litzatekeela, baina orduan genuen taldearekin oso zaila zen hirugarren gitarra bat txertatzea. Javik nortasun eta indarra dauka, eta zuzenekoetan nabari da hori. Berari komentatu genion. Bera gogoekin zegoen, lehen entsegutik ikusi zen argi posible zela.
I: Bere gitarra soinu berezi hori berehala egokitu zen prestaturik geneuzkan kantuetara. Gainera, erraztasun handia dauka kantua segituan har- tzeko.

BILAKETA PROZESUA

Karlos Osinaga arduratu da, beste askotan bezala, soinu teknikari lanak egiteaz.

K: Aurkitu ez dakit zer aurkitu dugun (kar, kar..), baina bilatu, bilatu dugu normalean bilatzen duguna. Soinu gordina. Nik musika grabaketak zinemarekin konparatzen ditut. Dokumentalak grabatzeko modua gustuko dut, grabatzeko moduarengatik sinisgarriak egiten zaizkit. Musikarekin saiatzen naiz antzeko zerbait egiten: giroak ikusi eta entzun daitezela, eta ahotsak, errealitate hori, gordintasun hori nabaritu dadila.
I: Konposaketaren garaian, agian ez dakigu zer nahi dugun, baina badakigu zerk balio duen eta zerk ez duen. Agian Karlos dator gitarra doinu batekin, edo bateria erritmo bat hartzen dugu eta badakigu hortik jarraituta posible dela zerbait egitea.
K: Ez dakit bakoitzak zer bilatzen duen musikarekin. Badakit, prozesu bat bukatzen denean, diskoarena edo konposaketarena, edo dena delakoa, barrutik zerbait ateratzen duzula, zegoenik ere espero ez zenuena. Ez dakizu zer bilatzen duzun, baina ez baduzu egiten ez zaude ondo; izan liteke kantu bat edo disko oso bat. Ateratzen duzunean, ondo geratzen zara.

MARTXEL MARISKAL

Martxel Mariskalek (1964, Hondarribia) idatzi ditu Ezlekuak laneko letra guztiak.

I: Beste Lisabö bat da. Bera ondoan edukitzea izugarrizko luxua da. Gu ez gara gai berak idazten duen bezala idazteko. Bera idazlea da. Asko gustatzen zaigu guretzako idazten duena. Beti dago guri laguntzeko gogoarekin. Ezlekuei buruz hitz egin genuen berarekin. Azaldu genion guretzat zer diren ezlekuak, baina ez zen premisa bat ere ez. Aitzakia bat zen, zerbaitez hitz egiteko. Bera ere horrek motibatu zuen: ezlekuena hain gai irekia da…

K: Bere inplikazioa, elkarrekin dugun harremana... segurtasun handia ematen digu. Uste dut ederki konpontzen garela.

ZUZENEKOAK

Durangoko Kafe Antzokia, Donostiako Gazteszena, Tolosako Bonberenea, Bilboko Kafe Antzokia… izan dira lehen kontzertu guneak. Maiatzean Bartzelonako Primavera Sound jaialdian ere izango dira.

K: Gaztetxeak, kafe-antzokiak, Primavera Sound... testuinguru ezberdin horiek, desberdintasun horiek guretzat erronka dira. Lisabök normalean ez du errepertorio bat errepikatzen, nahiz eta diskoarekin egon, gutxienez abestien ordena aldatzen dugu. Orain errepertorio zabalagoa dugunez, zerbait aldatu nahi dugu. Ari gara kantu zaharrak ateratzen. Kontzertu bakoitzean, lekuaren araberako errepertorioa eta kontzertua eskaini nahi dugu. Batean egin liteke zerbait zuzenagoa, bestean zerbait lasaiagoa... eta pertsona bat joaten bada hiru kontzertutara, zerbait gehiago ematea berari.

KRITIKAK

Hedabide espezializatuen eta kritikarien onespena jaso izan du Lisabök gehien-gehienetan. Halere, kritikarien zenbait jarrera kritikatzen dituzte.

K: Jendearengandik iritzi onak jaso ditugu orain artean, baina oraindik jendea diskoa entzuten ari da.
I: Nik uste dut denoi gustatzen zaigula kritika onak jasotzea. Denoi gustatzen zaigu ze jatorrak garen entzutea besteen ahotik, nahiz eta egia ez izan.
K: Gehienok esaten dugu kritikek ez dutela izaten eraginik, baina denak bezala eragingo duela iruditzen zait. Jendeari ez bazaio gustatzen zure musika… ba agian ez ginateke oraintxe bertan hemen egongo. Baina kritikarien munduan badago korronte… kritikari batzuk euren buruarentzako idazten dutenak. Ez dut esan nahi Lisabörekin hori egin dutenik, baina batzutan batek esaten du ‘hau kristorena da’ ideia handirik eduki gabe. Ulertzen dut norbera hasten denean idazten asko gustatu zaion zerbaitez, ba horrelakoak egitea, baina errespetu pixka bat izan behar da horrelako gauzekin. Batzutan exageratu egiten dela esango nuke. Nik ez dut gure taldea esaten duten bezain ontzat. Nik, egia esan, uste dut lardats batzuk garela (kar, kar...) Horrela da. Egunerokoa ezagutuz gero, konturatzen zara horrekin.

MUSIKA ETIKETAK

K: Etiketena industriaren asmakizun bat da. Ez du ezertarako balio. Post-hardcore etiketaren azpian zeharo gauza desberdinak topa ditzakezu. Post atzizkiaren erabilera, adibidez, cool ukitua ezartzeko egiten da. Post-rock, post-hardcorea, post-punk... dena da post. Eta Lisabören musikaz askotan esaten digute: “musika arraroa egiten duzue”. Eta, tira, ez da a-b-a-b egitura duen musika, baina arraroa ez da. Gainontzekoarekin alderatuz, ba igual desberdina da, baina arazoa izan liteke alderantzizkoa. Bestea igual pre da.

EUSKAL HERRIKO MUSIKA

K: Nire ikuspegia ere oso desberdina da orain edo orain dela 10 urte. Igual exijenteagoak gara orain.
I: Halere, talde asko dago orain eta hori ona da. Geroz eta talde gehiago dago eta jende gaztea gainera. Nire ustez geroz eta musika hobea egiten da.
K: Baina, badaude gauza pare bat gustatzen ez zaizkidanak. Orain dela urte pare bat edo izan zen punk-rock eztanda bat, hasieran bere txispa izan zuena, baina, azkenean, aspertu egiten du. Orain dela 20 urte, herri berean ateratzen ziren talde ugari elkarrekin zerikusirik ez zutenak, eta kristorena zen. Aberastasun hori da inportanteena sorkuntza mugimendu batean. Orain, igual jarraitzen dira gehiegi talde batzuen ildoak. Halere, ona da talde asko egotea. 100 talde badaude, baten bat beti egongo da ona.


2007, apirila-maiatza
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.