entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
I 2017-08-02

Magmadam SOINUA, GORPUTZA ETA MUGIMENDUA

Lotura erlazionatuak
Deustuko Gazte Lokala kobazuloetan ilunena bilakatu da. Nesken Gaua ospatzen ari dira (emakume musikariak ikusarazteko ekimena), eta gaueko proposamenik muturrekoena ari da taula gainean. 2014 urtetik Magmadam proiektua eskuartean duten Myriam eta Itziar atmosfera itogarria sortzen dihardute eszenatokitik. Bat maskara jantzita eta makinekin gora eta behera deiadar eta erritmo bastaiak sortzen. Aurpegia erakutsiz, oihuka eta bateria jotzen bestea. Giroa ilunduz doa, eta bolumena gora, dantzalekua ia suntsitu arte. Ikusleak aho zabalik gozatzen ari dira. Gu ere bai. Gehiago jakin nahi dugunez, galdera batzuk bota dizkiegu eta honakoa kontatu digute.


Ze asmorekin hasi zineten eta zer egin duzue orain arte?
Inprobisatzeko gelditu eta bakoitzaren sormen momentuak elkarjolasean ipintzea zen hasierako asmoa. Hortik aurrera soinu esperimental ezberdinen, inprobisazioaren eta performancearen aukerak esploratzen ibili gara hainbat zuzeneko emanaldi eta egonaldi artistikotan zehar; guztia azken 3 urteotan.

Kontzertuetan tarte handia uzten diozue bat-batekotasunari.
Bai. Gure emanaldiak, gehienbat, inprobisatuak izaten dira; hala ere, tartean, elkar ulertzeko kodigoen bitartez, ideia edo puntu jakin batzuetatik pasatzen gara.

Baina zuen lanak editatu eta plazaratu egin dituzue. Argitalpen hauek ideia landuago bat dute atzean?
Ez. Orokorrean, editatu eta publiko eginda ditugun lanak inprobisatutako saioen zatiak dira.

Formatu fisikoan lan bakarra kaleratu duzuela uste dut. Again, gero eta zentzu gutxiago dauka diskoak kaleratzeak?

Formatu fisikoan, split kasete bat kaleratu genuen Bartzelonako Anatomia Humana Desmontable-koekin batera. Edizioa gure kabuz egin genuen; autoekoizpena izan zen, alegia. Horretaz aparte, CD euskarrian hiru maketa atera ditugu orain arte.

Zer bilatzen duzue halako musika-esperimentuekin? Burmuineko eta gorputzeko zein atal kolpatu nahi duzue?

Gorputz osoa horretan jartzea eta, aldi berean, gertatzen eta egiten dugun guztiak gorputz osoa zeharkatzea bilatzen dugu. Bilaketa jarraia da. Gorputzekin, ahotsarekin eta erabiltzen ditugun gailuekin paisaia aske bat sortu nahi dugu, non mugimendu eta soinuak libreki ateratzen diren. Gogoa eta soinuarekin libreki jolasteko sena transmititzea da garrantzitsuena.

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Erlazionaturiko edukiak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.