entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Backstage

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Mikel Lizarralde 2011-08-04

JOSEBA TAPIA

Joseba Tapia Joseba Tapia

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Joseba Tapia 1964ko maiatzean jaio zen Lasarten, musikarekin lotura estua zuen familia batean. Eleuterio eta Juanito bere osabak trikitilari ospetsuak ziren, eta amaren aldetik ere, kanturako zaletasuna jaso zuen Josebak. Sei urterekin plastikozko soinu batekin Andre madalen jo, eta musikarako joera zuela ikusita, gurasoek soinu handia jotzen ikastera eraman zuten. Zortzi urte igaro zituen ikasten, baina 15 urterekin soinu txikia hartu zuen bere osaben iritzia aurkakoa izan arren. 17 urterekin erromerietan jotzen hasi zen, artean bakarrik; eta 1984an Xabier Berasaluze Leturia pandero-jotzailearekin elkartu zen lehenengo aldiz. Bi urte geroago Euskal Herriko trikitixa txapelketa nagusira aurkeztu ziren biak, eta hura irabazi ondoren bikote gisa jarraitu zuten erromeria eta plazetan jotzen. 1998an ere garaipena lortu zuten txapelketa nagusian, eta hain zuzen ere, hori izan zen parte hartu zuten azken urtea.
Bestalde, diskoak grabatzen ere hasi ziren. Jo eta eutsi (87) izan zen lehenengoa, eta hortik aurrera talde elektriko bat osatzen joan ziren beren inguruan. Juergasmoan (90) eta Dultzemeneoa (92) lanak Tapia eta Leturia izenpean argitaratu ondoren, Tapia & Leturia Band trikitixa eta rocka uztar-tzen zituen rock talde alai eta umoretsua sortu zuten. Tapia eta Leturia Band (95) eta Ero (97) dira proiektu horren emaitza diskografikoak. 1998 (98) lana bikote gisa grabatu zuten Tapiak eta Leturiak, eta biek hartu zuten parte, halaber, Xabier Amurizarekin elkarlanean landutako Bizkaiko kopla zaharrak diskoan. Azken aldian Arkaitz Miner (biolina, gitarra eta mandolina) eta Jesus Mari Aranburu (pianoa) gehitu zaizkie eta laukote akustiko gisa ari dira zuzenean. Modu paraleloan, azken urteotan Koldo Izagirre idazlearekin modu estuan egin du lan Josebak, eta horren ondorioa dira kutsu ideologiko handia duten hiru lan: Apoaren edertasuna (98), Quebec. Independentziarako hamalau kantu (99) eta 2001. urteko Durangoko Azokan aurkeztu den Agur Intxorta maite 1936-37. Gudako kantuak. Bestalde, Zaldibobo taldean jo zuen 1992tik 1994ra arte, eta Ruper Ordorika eta Bixente Martinezekin batera Hiru Truku sortu zuen Euskal Herriko mendebaldeko kantu zaharrak berreskuratu asmoz. Zenbatezinak dira gainera bere kolaborazioak. Euskal Herriko musikarentzat eta bereziki trikitixaren bilakaerarentzat ezinbesteko erreferentzia bihurtu da Joseba Tapia, eta azken urteotan trikitixak izan duen gorakadaren eragile nagusietako bat izan da. Bere lanean tradizioa eta berrikuntza maisuki uztartzen jakin izan ditu Josebak.

Soinu txikia jotzen hasi zinenean trikitixak ez zuen gaur egungo izen ona eta ospea. Hamabost urtetan, baserri girora lotuta egotetik euskal musikaren barruan pisu jakin bat izatera igaro da, eta are gehiago, trikitixaren doinuak rockarekin, poparekin eta bestelako estiloekin nahasten dira egun. Aitzindaria izan zara.

Nik oso gaztetatik izan nuen eskusoinua rock-era hurbiltzeko gogoa, baina orduan ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Garai hartan trikitixaren mundua oso lotuta zegoen nekazal girora eta erromerietara, eta bazirudien ezinezkoa zela bi mundu horiek elkar hurbiltzea. 80ko hamarkada hasierako urte haietan, trikitixa oso gustuko nuen bezala, Hertzainak edota Kortatu asko entzuten nituen, eta baita AC/DC edo Ramones ere; baina ez zegoen bi mundu horien arteko loturarik. 1987an Anje Duhalderekin jotzen hasi nintzenean, lehenengo harremana izan nuen bateria, baxu eta abarrekin, eta ni ere animatu nintzen antzeko zerbait egitera. Gero gu ere hasi ginen erromeria elektrikoak egiten. Horrek guztiak ekarri zituen berrikuntza batzuk.

Tresna herrikoi bezain ospe txikikoa izan da soinu txikia urtetan. Ildo horretan, Koldo Izagirrek esan du zuk trikitixa duindu egin duzula. Duintasun hori falta zitzaion?

Gure osaben garaian, zenbait apaizek gaztigatu egiten zituzten erromeriak, haietan lotuan egiten zelako dantzan. Horregatik trikitixak ez zuen izen onik, nahiz eta jendeak dantzarako gogoa izaten zuen. Lehen, adibidez, trikitilariek ezkondu arte jotzen zuten trikitixa, eta ezkondu ondoren utzi egiten zioten jotzeari. Ez zen bizimodu egokia. Baina nik trikitixa jotzeko beste motibazio batzuk nituen, eta ez nuen pentsatzen duintzen ari nintzen ala ez. Gero, kantariak interesatzen hasi zirenean, gu hor ginen, eta guri egokitu zitzaigun trikitixa molde berrietara egokitzea. Trikitixa baserritik kalera jaitsi zen, eta horretaz gain guk genituen beste interes musikalekin nahasten hasi ginen. Inprobisazioa eta birtuosismoa ekarri zuen horrek, eta hori, ona bezain txarra izan zen. Trikitixa oso deigarria bihurtzen joan zen, baina bitartean, galtzen joan zen gizartearen aurrean zuen funtzioa. Beraz, erlatibizatu egin behar da hori dena.

Gaur egungo ikuspegitik, eta jakinda trikiti eskoletan gaztetxo asko ari dela, uste duzu trikitixak aldaketa hura behar zuela bizirik irauteko?

Musikariek eskaintzen dutena da garrantzi-tsuena, ez trikitixak izan ditzakeen aldaketak. Sasoi zaharretan jotzen zen trikitixa oso ona zen; bere funtzioa betetzen zuen eta ondo funtzionatzen zuen. Eta gero, gizartean gertatzen ari ziren aldaketek bultzatuta, trikitilariak gero eta aukera gehiago eskaintzen hasi ziren, eta hori ere ondo egon zen. Gaur egun asko hitz egiten da soinu txikiaz, eta ikur nazionala izango balitz bezala, tresna jainko-tzera ere iritsi gara. Baina instrumentua jotzen dutenek egokitu behar dute datorren mundu berrira; ez tresnak. Eta hori batzuek lortzen dute eta beste batzuek ez. Iruditzen zait orain trikitixa lehen baino irekiagoa dela, baina bestaldetik, beti izan duen funtzioa, jendea dantzan jartzea alegia, galdu egin duela.

Tapia eta Leturia Band-ekin hasitako bidea, trikitixa soinu elektrikoekin uztartzea alegia, belaunaldi berriek asko erabili izan dute. Trikitixa eta popa nahasten dituzten taldeak, gainera, arrakastatsuak izan dira. Etorkizunera begira, zer eman dezake mugimendu horrek?

Ez dakit; hau dena zorte kontua izaten da. Ikastolek eta euskararen aldeko mugimenduek musika mota hori bultzatu dute azken urteotan, eta sasoi ona bizi izan du, baina edozein momentutan beste estilo bat jarriko da modan, eta jendea ez da trikitilariari begira eta zain geldituko. Niretzat ez dago formularik arrakasta lortzeko. Triki-pop eta halako etiketak komertzioak bultzatzen ditu, eta etiketek funtzionatzen ez badute, aldatu egiten dira eta kito. Etiketek arrisku hori dute.

Gaur egun triki-pop delako horretan kokatzen diren taldeak gehiago abiatzen dira popetik trikitixatik baino. Ez al da eskusoinuaren erabilera apaingarri huts bihurtzen ari?

AEB-etan oso gauza ikusia da urte batzuetatik honantz. Kantari askok instrumentu tradizional baten beharra izaten dute itxura hutsagatik. Nik esango nuke musika estiloek estetika eta forma hartu dutela oinarri gisa. Ikuspegi ideologikoa alde batera utzi da, eta estetikari eman zaio indarra. Eta horrek dena biltzen du: janzkera, musika tresnak, estiloa
bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.