Bizarra, ez Bizardunak.
Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Kafea eta Galletak egitasmoaren azken saioa burutuko da larunbat honetan Gernikako gaztetxean. Ekimen honen bultzatzaileak oporretara doaz. Bizarra taldea izanen da azken saioko protagonista.
Udako etenalditxoa baino lehen,
uztailaren 4an estreinako denboraldiari amaiera emango diote Kafea eta Galletak ekimen interesgarriko arduradunek.
9. saio honetarako
BIZARRA taldea gonbidatu dute. Bizarra duela 3 bat urte sortu zuten Iban Urizarrek (Cafe Teatro, Menguele Quartet) eta Mikel Etxegaraik (Gutariko Bat, Menguele Quartet, Voodoo Muzak...). Geroztik hamaika inprobisazio egin dituzte, eta ohikoa duten bezala beren web gunean zintzilikatzen dituzte nahi duenak musutruk eskura dezan.
Bizar inprobisatuak
Bizarrak egiten duen musikan inprobisazioak izugarrizko garrantzia dauka eta Mikelek eta Ibanek perkusioarekin, tronpetarekin eta elektronikarekin soinu bortitzak, lasaiak, film beltzak gogorarazten dituztenak, erritmikoak, jazz askea sortu ohi dute.
Horren guztiaren erakusgarri dugu Arto Artianen web gunean eskegi zuten Onn pieza laburra.
Eta horren erakusgarri eta maisu dugu Ornette Coleman handia. Izan ere, Free Jazzaren garaia zetorrela abisatu zuen 1959. urtean orduan plazaratu zuen diskoari The Shape of Jazz to Come -etortzeko dagoen Jazzaren zantzuak- izena jarriaz. Eta bai, hurrengo urtean jaio zen jazz berri hura, Free Jazz (A Collective Improvisation) diskoarekin. Hori da, bada, Ibanek eta Mikelek hautatu dutena uztailaren 4an entzuteko beren kontzertua baino lehen.
Beti bezala, Gernikako Gaztetxean, arratsaldeko 6etatik aurrera, kafea eta galletak lagunduta.