entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Aritz Branton 2011-02-09

RICHARD HELL-ek "Blank generation" kantatzen du Berdin zait betiere

Rikardo Infernu. Rikardo Infernu.

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Lotura erlazionatuak
Punk musikariek gizartean gaizki sentitzea adierazi zuten askotan. Richard Hell (Rikardo Infernua) abeslariak horri buruz abestu zigun 1977ko Blank Generation (Belaunaldi hutsa) abestian.

Gizartean bizi gara eta sarritan hori ez da gure gustukoa. Justizia falta, pobrezia, azalkeria, kontsumismoa... gizartearen ezaugarri askok gizartetik kanpo bizitzeko gogoa eman diezagukete. Badakigu gure bizi-modua halakoa dela, eta, ezer gutxi egin dezakegulako hori konpontzeko, ez dugula hemengoak izan nahi pentsa dezakegu. Nahiz eta hemengoak izan eta arazo horiek konponbide zaila duten.

Zoritxarrez, gizartearekin identifikazio gabezia hori ez da berria. Gainera, unibertsala da. Punk musikariek gizartean gaizki sentitzea adierazi zuten askotan. Richard Hell (Rikardo Infernua) abeslariak horri buruz abestu zigun 1977ko Blank Generation (Belaunaldi hutsa) abestian.
Olerkari fina da Hell eta abesti honetan, zertzeladaz, sentsazio eta ideiak sentiarazi zizkigun.

Jaio baino lehen, hemendik atera nazazue esaten nuen.
Aurpegia eskuratzea arriskutsua da.
Ispiluak egiten duena begiratzea liluragarria da,
baina, afaltzekotan, hormaren parean jartzen dut platera.

Hirukiak erortzen ziren leihotik gertu eta medikuak madarikazioa bota zuen:
jendeak ahaztuta zuen marrazki biziduna zen.
Erizainak galtzariak txukundu zituen lehenengo arnasa jaso nuenean.
Medikuak eztarria harrapatu zidan eta garrasi egin zuen: Jainkoaren aringarria da!

Telebista ezpainetan heltzea, airea diruz beteta,
orduan eskaileratik gora eramatea eta lursail huts batera botatzea.
Pentsamenduaren ildoa galtzea eta zure besoetan erortzea eta puntu ibiltari guztiak begiratzea burua makurtuta.

Belaunaldi hutsekoa naiz eta
berdin zait betiere.
Belaunaldi hutsekoa naiz baina
berdin zait betiere.


Richard Hell aitzindaria izan zen punk mugimenduan. Bere letrek gizartea zalantzan jarri zuten; musika rock gordina eta basatia egin zuen; inork baino lehen arropa konpontzen/apaintzen zuen kateorratzekin. Ingalaterrako taldeek baino lehen, oso janzkera eta jarrera baldarra eta inkonformista zituen*: bere eragina ikusten zen Ingalaterrako talde guztietan.

Television-en taldekidea izan zen, baita The Heartbreakers-ekoa ere, eta The Voidoids (Hutsuneizakiak*) sortu zuen bere abestiak nahi zuen moduan egiteko. Malcolm McLaren-ek, Sex Pistols-en managerrak, errekrutatu nahi zuen Sex Pistols-en abeslari izateko: Hellek ezezkoa eman zion eta, horri esker, Johnny Rotten-ek (Jontxo Ustelduta) postua lortu zuen.

Hellen arabera, Belaunaldi hutsa abestia ez zen ondo ulertu garai horretan. Bere asmoa edozein gauza izan gaitezkeela adieraztea izan zen, baina lagun gehienek ezin garela ezer izan ulertu zuten. Antzeko gauza bat pasatu zen punk mugimendu osoarekin sarritan: nahiz eta abesti asko oso ezkorrak izan, aldi berean, mugimenduaren ezaugarririk garrantzitsuenetako bat askatasunaren aldarrikapena izan zen.
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.