entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
Mikel Lizarralde 2003-12-13

AUDIENCE bigarren aukera

Audience Audience

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko
Second handed deitzen da Audience taldearen bigarren diskoa. Hannotek (gitarra, tronpeta, programazioa eta ahotsa), Gaizkak (gitarra, pianoa eta ahotsa), Agerrek (gitarrak, steel gitarra, biolina, teklatua eta ahotsa), Andonik (baxua) eta Mikelek (bateria) aurrerapauso bat eman eta zuzeneko intentsitateaz jantzi dute lan berria. Noizpop euskal diskoetxe berriak kaleratu du Gernikakoen diskoa.

Audience taldearen musika erritmoak gorakada izugarria izan zuen orain dela bi urte. Radio 3-ek eta Benicassimgo jaialdiak antolatutako Proyecto Demo lehiaketan finalera iritsi zen taldea, Bilbo Hiria lehiaketan estatuko talde onenari zegokion saria jaso zuen, eta Benicassimen, PJ Harvey, Pulp, Mercury Rev eta Flaming Lips-en ondoan jotzeko aukera sortu zitzaion. Hori guztia hiru hilabeteko epe laburrean gertatu zen eta, ondorioz, ikusmin handia piztu zen Gernikako taldearen inguruan, Hannotek aitortzen duenez: Bai lehiaketa batean eta bai bestean, milatik gora talde zeuden! Bat batean halako bi sariketako irabazleen artean azaltzeak taldearekiko ikusmin handia sortu zuen.
Some lovely hands in dry skins taldearen lehenengo disko luzea Mallorkako Primeros Pasitos diskoetxeak kaleratu zuen 2002an. Bigarren maketako harribitxia, Nashville shirts (losers clothing) kantu iradokitzailea sartu zuten diskoan, baina gainerako kantuei tratamendu ezberdina eman zieten, eta horren ondorioz, sendotasun apur bat botatzen zitzaien faltan: Nik uste dut ez zela lehenengo disko tipiko bat. Aurreko maketak nolabaiteko bat-batekotasuna eta arreta pizteko euskarriak eskaintzen zituen, baina diskoak beste bide bat hartu zuen, ez zen sartzen lehenengo entzunaldi batean. Izan ere, abestiak diskorako egin zituzten, zuzeneko errodajerik gabe, eta hori nabaritu egin zen: Batzuk oso gutxi jo genituen grabatu aurretik eta, ondoren, asko kostatu zitzaigun zuzenean tratamendu egokia ematea. Kantu hauskorrak ziren.
Horren guztiaren eta diskoetxe txiki batek ateratzearen ondorioz, diskoa oharkabean pasatu zen, nahiz eta kritika onak jaso zituen: Komunikabideetan azaldu zen baina jendeak ez zuen ezagutu; ezkutuan gelditu zen.

Noizpop-en eskutik

Aurreko diskoak izandako oihartzun txikiaren ondorioz, taldekideek garbi izan zuten disko berria beste modu batean mugitzeko beharra zutela, eta horretarako, Primeros Pasitos diskoetxea utzi behar zutela, nahiz eta beraiekin ondo konpondu. Aurreko diskoa kaleratu eta berehala, kantu berriak egin genituen eta ilusio handia jarri genuen beraiengan. Pentsatu genuen bultzada bat behar zutela eta guk geuk atera behar genituela. Hori dela-eta, disko berria taldeak berak kaleratzea erabaki zuen, gu garelako taldea gehien bultzatzen dugunak, bai kontzertuak lortzeko bai promozioa egiteko orduan.
Nolanahi ere, Gotzon Uribek sortu berri duen Noizpop diskoetxea agertu zitzaien bidean taldekideei, eta Gotzon aspaldiko laguna denez, berarekin kaleratu dute Second handed: Ez dugu diskoetxe eta talde baten arteko ohiko harremana. Guk diskoa bultzatzeko lana egiten dugu, eta berak ere bai; elkarlan bat dago.
Bigarren disko honek, azaletik bertatik adierazten du ezberdina dela. Some lovely hands in dry skinsen azalean agertzen zen ibaiaren aurrean, Second handedek neoizko irudiak dakarzkigu, taldeak gauari eta hiriari lotuta segitzen duela adierazi nahiko balu bezala. Kantuak zuzenean jo izan dituzte denbora luzez eta horrek ematen duen sendotasunaz gain, trinkoagoak dira. Hitz batean, zuzenagoak dira: Kontzertuetan ohartu gara kantuen indarraz eta balioaz, eta hain zuzen, kontzertuetan joan dira garatzen, dio Hannotek: Lehenengo diskoko abesti batzuk oraindik jotzen ditugu zuzenean, baina asko aldatu dira ordutik hona. Nik uste dut kantuek denbora bat behar dutela beren lekua hartzeko. Abesti berriak, aldiz, beren puntuan iritsi dira diskora. Horretan badu zerikusirik grabatzeko moduan egin duten aldaketak ere. Jose Lastrak grabatu zuen Some lovely hands in dry skins eta bera arduratu da baita Second handedez ere. Aitzitik, Hannotek dioenez, grabazio prozesua erabat ezberdina izan da oraingo honetan: Lehenengo diskoa banan bana eta pistaka grabatu genuen. Second handed, berriz, ia osorik zuzenean grabatu dugu. Oinarriak, gitarrak, baxua eta bateria alegia, denok elkarrekin grabatu ditugu eta uste dut talde soinu indartsuagoa lortu dugula. Denok batera goaz bide berean.

Abestien zentzua

Second handeden euskarari tarte bat utzi dion arren, ingelesa da Audienceren komunikazio tresna nagusia. Izan ere, batzuetan agerikoa ez bada ere, hitzetan taldearen eta publikoaren arteko harremanari buruzko aipamenak azaltzen dira nonahi: Abesti batek jotzen duzun aldi bakoitzean izan behar du zentzua, benetako zerbait dela sentitzeko behintzat. Horregatik, taldeari berari eta jotzen sentitzen dugunari askotan egiten diogu erreferentzia, nahiz eta agian beste gai baten barruan izan. Noizbait esan izan didate hip-hop-eko taldeek erabiltzen dituzten hitzen antz apur bat duela.
John Cassavetes zinema zuzendariaren A woman (Under the influence) filmari buruz taldeak diskoan egiten duen aipamenak, Audiencerengan zinemak izan duen eraginaz hitz egitera eraman du Hannot: Oso zinemazaleak gara eta nabaritzen da. Aurreko diskoan, adibidez, David Lynchen Lost highway eta Hitchcocken The rope filmeen erreferentziak azaltzen ziren. Gainera, zinemako musika ere asko gustatzen zaigu eta gure abestiek ere izan dezakete film baten egitura: aurkezpena, korapiloa eta amaiera eskaintzen dute, atzera begiratu barik.
Proposamen ausarta da Audiencerena, poparen eta rockaren eremuan koka daitekeen arren, estereotipoetatik aldentzen dituen elementu ugari biltzen dituelako bere barnean. Horregatik ez da harritzekoa euskal taldeen artean zeintzuk nabarmentzen dituen Hannotek: Talde oso onak daude hemen: Lisab, Dut... Akauzazte izugarria da, batez ere zuzenean, Borrokan ere oso talde ona da. Manta Ray kenduta, estatuko talde onenak Euskal Herrian daude.

2003-04, ABENDUA-URTARRILA
bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.