Asturiasko hardcore mugimenduaren hogeita hamar urtetako nondik norakoak ezagutarazten ditu Sin miedo a ensuciarse. Memoria del hardcore en Asturias 198X-201X disko-liburuak. Miguel.Asturias da egilea (Miguel Angel Garcia) eta Norte Sur Records argitaldariak kaleratu du. Liburuarekin batera, Intolerance taldearen lehen diskoa, CD euskarrian, biltzen du lanak.
Asturiasko hardcorearen memoria da. Miguel.Asturiasek ezin hobeto ezagutzen du, Intolerance eta beste hainbat musika taldetan aritua baita, fanzineak egin ditu, irratsaioak, eta diskoak argitaratzeko zigilu bat ere martxan jarri baitu.
Liburua osatzeko, hainbat musika taldetako kideen testigantzak bildu ditu, Posession, Escuela de Odio, Intolerance, Asesinato del Poder, Mercyless, The Awake eta ZyklonB taldeetakoenak, eta Asturiasko hardcorean murgilduta egon ziren beste zenbait pertsonarenak ere bai.
Lana, ahaleginak, ilusioa eta lañotasuna dira mugimendu horren ezaugarri batzuk. Balio horien bidez, disko, maketa, fanzine, kontzertu eta kolektibo ugari, eta beste zenbait egitasmo sortu dira hogeita hamar bat urtetan.