Corizonas Gasteizen. Argazkia: Sagardantza.
Biak bat. Argi zioen, duela ez asko, Arizona Babyk eta Los Coronas-ek elkarrekin burutu zuten biraren leloak: "Dos bandas y un destino" (bi talde eta patu bakarra). Bi bandak, patuari muzin egin gabe, batean urtu egin dira, Corizonas izenpean.
Eta halaxe heldu ziren Gasteizera, maiatzaren 18an,
The News Today diskoa (bai, diskoa grabatu dute eta kantu propioekin bete) aurkeztera. Hasteko, "mantra" luze eta inguratzaile batekin ekin zioten, theremina eta guzti, segituan taldearen nortasunaren zutabeak eraikitzen hasteko: mugaldeko soinuak (Mexiko eta AEBen artekoa, ulertzen da), folka, rock and rolla, soinu beltzaranak eta 60etakoak ere tarteka, country rocka...
Disko berritik
Run to the river ederra (abesti puxka),
The Falcon Sleeps tonight, Hey hey hey edota
I wanna believe nabarmendu ziren. Bertsioen artean berriz,
Supernaut (Black Sabbath) edota
Wish you were here (Pink Floyd). Argi dago hortaz, ez dutela aurreko biraren errepertorio guztia bazter utzi. Beste adibide bat: Del Shannon-en
Runaway. Eta 60etara ere bidaiatu zuten The Rokesen
Piangi Con Me kantu dibertigarriaren bidez. Johnny Cash ere izan zuten gogoan, eta beste gauza asko, dagoeneko ahaztu zaizkigunak, gure neuronek mugarik badutelako.
Lan txukuna egin zuten eta soinu ona eta sendoa (tronpeta batzuetan baxuegi zegoela iruditu zitzaigun) eta
show borobila eskaini ziguten, oholtza kontrolatu eta eskarmentua duen talde bikaina dela argi utziz.
Behar bada, jendearen partetik berotasun gehiago espero genuen, baina tira, ez zen gaizki egon ere.