Ty Segall. Argazkia: Juan G. Andr
Ikaragarria izan zen Ty Segall Band-ek Donostian eman zuen kontzertua.
Ez dut beste hitz egokiagorik aurkitzen Gazteszenako aretoan ikusi eta
gozatu genuen erakustaldi hura deskribatzeko. Egia esan, askoetan "ikaragarri" adjektiboa errazegi erabiltzen dugula iruditzen zait.
Kontzertuen dezibelio jausi bortitzaren ondorioz, batzuetan zentzua
pixka bat galtzen dugu beharbada, eta musikaren benetako funtsa eta balioa
zein izan den laino baten atzean ahazten dugu. Intentsitatea
kalitatearen gainetik balioztatzen dugu honelakoetan, gauza batek bestea
eragotziko balu bezala.
Eta ez luke beti honela izan behar. Garbi
dago r'n'r kontzertu bat (are gehiago garage kutsuko bat) zarata et elektrizitate jario axolagabean oinarritzen dela. Baina hala izanik
ere, horrek ez dauka zergatik jotzeko teknika eta abestien konposizio
mailaren aurka egin behar. Bata eta bestea erabat osagarriak izan
daitezke. Eta horixe bera da Ty Segall-ek Donostian eta azken batean
bere disko guztietan erakusten duena:
Garageak eskatzen duen
freskotasuna, zarata, zikintasuna, lotsagabekeria umorea eta punk
jarrera (
Stairway to heaven-en minutu bateko bertsioa historikoa izan
zen) bai, baina baita teknika fina eta doinu borobilak. Berrikuste eta
omenaldi tuntunaren gainetik musika estilo honek aurrera begiratu eta
mugitu arazteko gaitasuna du Ty-ren eskuetan eta hori gauza handia eta
zergatik ez? ikaragarria da.