Abesti famatu andanaren jatorrizko bertsioak biltzen ditu Ace etxeak 2008an argitaratu duen bilduma honek. Bertsioetako batzuk (edo gehienak) jatorrizkoak baino ezagunagoak dira, ez ordea hobeak, kasu guztietan bederen. Bildumak 26 kantu biltzen ditu guztira, eta liburuxka ederra dakar, non kantu bakoitzaren nondik norakoak azaltzen diren.
Gloria Jones-en
Tainted love abestiak irekitzen du diskoa. Ehunka aldiz berrirakurria baina inoiz ez gainditua. Jatorrizkoa perfektua da dagoeneko. Abesti asko direnez, ez ditugu guztiak aipatuko, baina bai batzuk. Adibidez, Elvis Presleyk abestu zuen Mark Jamesen
Suspicous minds entzunen dugu edo James Brown-ek
I got you izenburupean plazaratu zuen Ivonne Fair-en
I found you. Atentzioa deitu digu entzun gabe geneukan
Louie louie rock and roll kantu ezagunenaren (eta milaka aldiz bertsioneatuaren) jatorrizko bertsioa Richard Berry & The Pharaohs-en eskutik (guk Kingsmen-en irakurketa ezagutzen genuen, baina originala 1957an grabatu zen). Beste harribitxietako bat Sunny Dae & The Knights-en
Rock around the clock da (gero, Bill Haley eta bere kometek famatu bihurtuko zutena) edo Joe Jones-en
California Sun, The Rivierasek ere grabatu zuena.
Ska zaharraren zaletuak ere harrituko dira (edo ez)
My Boy Lollipop-en jatorrizko grabazioa entzuterakoan Barbie Gaye abeslariaren ahotik (Millie-k eramango zuen ondoren zerrendetako lehen postuetara). Bestalde, Hendrix zaleek
Hey Joe, where you gonna go entzuteko aukera izanen dute The Leaves-en eskutik eta The Clash-ekin
I fought the law ezagutu zutenek The Crickets-en bertsio originala. Disko honetan ere, Carson & Gaileren
Something Supid (Frank & Nancy Sinatra) entzungai dago, bilduma honetan askotariko kantuak biltzen direlako seinale.
Bada, disko polit baten aurrean gaude, kuriosoa eta deigarria, musikaren historian sakondu eta zerbait gehiago jakin nahi dutenek edo, besterik gabe, musika ona entzun nahi dutenek gozatuko dutena.