Ska eta rocksteady klasikoen maitaleek beste erreferentzia dute kalean. Brixton zigiluaren laguntzarekin Bartzelonako Soweto talde beteranoak disko interesgarria aurkezten digu. Katalunian jamaikar erritmorekiko duten maitasunaren adibide garbia da eta urteetako saiakerak eta gero, Katalunia, Europa mailan ska eta rocksteady talde gehien dituen herrialdeen artean kokatu dezakegu (Italia, Frantzia edo Ingalaterraren pareko). Hamahiru kantuz osatutako diskoa da eta guztietan, hamaika urteko ibilbidea duen talde honek 60. hamarkadan Jamaikan egiten zen ska eta rocksteady soinua lortu du (jazzaren eta rhytm&bluesaren eraginpean, beti ere).
Oriol Rovirak lan txukuna egin du ahots nagusietan eta azpimarragarria da ere ahots laguntzaileen papera. Diskoan parte hartu duten lagunen artean berriz BB Seaton abeslari jamaikarraren parte hartzea azpimarratu beharra dago, Mr T-Bone tronboi jole dotorearekin batera. Diskoa Apache Five taldearen estudioan grabatu dute eta soinu aldetik ere oso emaitza ona lortu dute.