Oldarkorra eta astuna. Honela defini genezake Bludgeon talde amerikarraren hirugarren diskoa. Oldarkorra, death metala jorratzen dutelako. Hori bai, nahiko irekia hardcore usaina baitario. Eta astuna, gitarra pisutsuak protagonista izateaz gain, diskoa oso lineala eta aspergarria delako. Agerian dago, Illinoiseko mutilek muturreko metalari kutsu amerikarra eman nahi diotela. Moderno bilakatu. Eta lortzear egon dira. Akaso laugarrenean. Nolanahi ere, World Controlled lanean abesti interesgarriak entzun daitezke. Horien artean, aipagarri dira diskoari hasiera ematen dion Carnage Begins kantua eta Hunt Or Be Hunted ezberdina. Gainontzeko abestiak berdintsuak dira. Ez dute ez gatz eta ez piper tximadunik. Gainera, Joey DeMaio (Manowar taldeko buru) handiak egindako ekoizpenak ez du batere laguntzen. Bateriaren programaketa larria da oso. Kaltegarria belarrientzat. Gauzak honela, auskalo DeMaiok zer ikusi duen Bludgeon taldeagan.