Can taldeak, nire ustez, beste edozein taldek baino hobeto erakusten du zein inozoa den musikari etiketak jartzea eta konpartimentu itxietan sartu nahi izatea. Zorionez, pixkanaka gainditzen ari den ikuspegi bat dela esango nuke. Underground maila batean gutxienez, musikarien sormena mugatzen duten hesiak geroz eta gutxiago direla iruditzen baitzait. Neurri batean, musika grabatzeko baliabideak ikaragarri merketu izana eta ondorioz musika horren gainean dagoen presio komertziala eta lortzen duen oihartzuna garai batekoa (70,80, 90. hamarkadak) baino askoz txikiagoa izateak eragin handia izan du hau honela izateko. Giro honen barruan, gaurko taldeek beldur gutxiago dutela dirudi, estiloak eta eraginak nahasteko ausartago sentitzen direla ematen du.
Hala ere, eta ausardia eta askatasuna gauza onak eta beharrezkoak izanik ere, erreferentzia eta modelo batzuk beti dira beharrezkoak eta zentzu horretan, talde hauetako askok (ia denak beharbada) CANengan duten zorra sekulakoa da. Jarraitu beharreko bidea inork erakutsi bazuen, bere garaiarekiko aurreratua (edo hobe esan, bere garaitik kanpo) bizi eta ikusteko ahalmena zuen talde bat existitu bada, horixe CAN da. Alemaniako laukote honek 1969 (Monster movie) eta 1974 (Soon over babaluma) urteen artean sei disko zoragarrietan gauzatutako ondare musikal aparta eta hilezkorra utzi zigun. Irudimena dardarka darion altxor musikal hau ordea, iceberg-aren punta besterik ez zela susmatu izan dugu Canen zaleek urte guzti hauetan. Taldeak lan egiteko zuen moduak etekin handiagoa eman behar zuela sentitu izan dugu. Inprobisazioen collage moduko esperimentazioak ehunka ordutako grabazioak utzi zituela jakin edo gutxienez espero genuen.
30 urte baino gehiagoren ondoren, azkenean 3 CDz osatutako altxorra irekitzeko aukera iritsi zaigu. Espero zitekeen bezala (eta beharbada espero zitekeena gaindituz, esatera ausartuko nintzateke) bildumaren edukiaren kalitatea sekulakoa da. Taldearen musikaren ahalmen eta irismen infinitoa berriz argi eta garbi eta dizdiratsu erakusten digu. Tarteka musika bera ente bizidun independiente bat dela dirudi, musikarien gorputzen jabe egingo balitz bezala bere barnea erakustarazi eta aldi berean etengabe moldatu eta mutatu ahal izateko. Askea litzateke adjektibo egokiena, baina hainbeste aldiz eta modu hain merkean erabilia izan da, dagoeneko bere esanahiaren zati handi bat galdu duela. Can-en musika askea da, bai, zalantzarik gabe, baina horren sakona da, bere ondoan ustez oso arriskatu eta urratzaile diren (edo izan diren) beste hainbat ekimen lotsatiak eta erabat ez kaltegarriak ematen dutela (Velvet Underground eta beste bizpahiru salbu).
Canekoak 60. hamarkadako psikodeliaren esperimentazioaren urrats bat aurretik zebiltzan, Grateful Dead moduko taldeen testigua hartu eta hedatu egin zuten, rock progresiboaren edozein talde baino askoz konplexuagoak ziren eta, aldi berean, askoz traszendentzi gutxiago erakusten zuten. Bere jarrera axolagabe eta alderatzailea 77ko punkaren aurrerapen bat izan zen eta ehundura berriak sortu zituzten askoz beranduago, rock, noise eta elektronikaren artean emango ziren nahaketen bidea erakutsiz... Eta bilduma honek bere inguruko mitoa eta mirespena handitu baino ez du egiten.
Erabat gomendatua. Bai taldea lehenengo aldiz entzuteko baita bere beste disko guztiak baldin badituzu ere.