Bi urte igaro dira dagoeneko Jamaikako diskoetxe ezagunaren sortzaile eta nagusiak, Clement Coxsone Dodd ekoizleak, utzi gintuenetik. Nork esango luke. Bere heriotzaren berri izan genuenetik ugariak izan dira komunikabidetan (Euskal Herritik kanpo) egin zaizkion aipamenak eta bere omenez antolatu diren ekitaldi eta musika jaialdiak. Diskoetxe asko ari dira Studio Onen katalogoaren atzetik eta diskoetxe askok lortu dute katalogo horrekin diskoak osatzea. Jamaikar musikaren zaletuak garenontzat pozgarria da Studio Oneko altxorrak berreskuratu ahal izatea, baina kontuz. Bob Marley edo Trojan diskoetxearekin gertatu bezala, tentu handiz ibili behar gara zein disko erosten dugun aukeratzeko garaian. Itxura ederreko diskoen barruan, askotan, behin eta berriro entzun ditugun kantuak aurkituko ditugu eta. Dagoeneko erosi ditugun kantuak berriro erosteko arriskua dagoela alegia. Bilduma honetan adibidez, Studio Oneko aurreko bilduma askotan aurki daitezkeen kantuak aurkituko ditugu, horren ezagunak ez diren besteekin batera. Adi beraz.