Vampisoul diskoetxeak asko zaintzen du argitaratzen duen erreferentzia bakoitza. Askotariko erritmoak ekartzen dizkigu, ikerketa sakon baten ondorioa direlarik argitaratutako lan asko. 60 eta 70eko hamarkadan Kolonbian egiten ziren doinuak datoz bilduma honetan: funka, psikodelia, boogaloo-a, cumbia eta abar.
Herrialde hartan garai horretan egin zitezkeen doinuetatik urruntzen diren musikak dira, izan ere folklore gutxi entzun baitugu lan honetan.
Lan antropologikoa izan daiteke hau, Kolonbiara iritsitako afrikar, bertako indigena eta Europatik joandako etorkinen nahasketa entzun daitekeelako bertan.
Formatu ezberdinetan argitaratu dute lana, Vampisoulen ohiturari jarraituaz: 140 gramoko 3 binilo eta digipack berezian datozen bi Cd jarri digute aukeran.
Bilduma honek Discos Fuentes diskoetxeko katalogoaren zati handi bat erakusten digu, Los Corraleros de Majaguiren
El Vampiro kantu mozkorra edo Fruko & Sus Tesosen
Manyona kantu bero eta tropikala. Askotarikoak dira beraz bilduman entzun daitezkeen giroak.
Antza, Julio Ernesto "Fruko" Estrada musikari eta ekoizlea da guzti honen eragile nagusia. Gainera, ez da erraza hemen datozen talde eta musikariak ezagutzea, Kolonbia sakonera bidaia baita; eroa eta lisergikoa.