Javi Pez artista eta musikari donostiarraren kantu bilduma berria. Pez, berriki desagertu den Novophonic diskoetxearen sortzaileetako bat da (kultuzko zigiluen zerrenda handitzeko, seguru gaude). Bada, Pezek 1998an argia ikusi zuen kirol zirkulua amaitu du, orduan argitaratu baitzuen Onze Sports, lau kantu jasotzen zituen maxia. Maxi hau kabina oso desberdinetan izan zen entzungai eta, besteak beste, Dj Foof eta Coldcut, UFO eta Pilles Peterson-en maletetan bidaiatu zen. Sei urte beranduago, Sports iritsi da, hamaika kantuko oda olinpikoa, kirol diziplina desberdinei buruzkoa. Kirol horiek erraz asko identifikatzen dira kantuek aitzinera egin ahala. Gainera, kirol txapelketak barra-barra ditugun egunotan, abestiok testuinguru ezin hobea aurkitzen dute. Ep-an agertzen ziren kantuak sartu eta moldatu dituzte: garai horretan samplerra arma nagusia bazen, disko honetarako Javi Pez hamaika musikariz osatutako orkestra batez inguratu da. Horrela, bere berezko ikuspegitik erokeri olinpiko dibertigarri hau eskaini digu, non erritmo latindarrak, jazz ildokoak, jamaikarrak eta afrikarrak entzuten ahal diren.