Jaungoikoa, arima, sua, bihotza, maitasuna eta guzti horien falta. Benedicto XVIren karaoke abeslarien atzetik, Jason Pierce izan da liturgia musikalean hitz hauek gehien erabili dituen artista. Spacemen 3 eta gorputzaren bidaia-agentzia egunetik, Spiritualized-eko buru pentsalariak gai hauek erabili ditu katarsi gisa. Baina, elizan gertatu ohi den bezala, errepikapenak ez du gauza indartzen asperkeria sustatzen baizik.
Musika aldetik dena lasaitzen joan da. Orain denak lanik gabe egina dirudi, di da batean, hitz magikoak makina automatikoan jarriz eta 10 minututan abestia erabat bukatuta lortuz. Batzutan badirudi "random" moduan jarrita daukazula MP3a, eta beti abesti berbera daukazula belarrietan. Erabat ahaztuta hasierako kemena eta lehen diskoetako soinu distortsionatuak eta tempo arinak. Orain Mediterraneo itsaso musikalean bizi da gure Jason: dena lasaia, olaturik gabe. Aspergarria, ezta?
Nork daki, agian Ingalaterrako katekesietan laster lan hau jarriko dute.