Demagun eskuartean duzula Lord Bishop Rocksen
Sex Rock Hits, 1999-2009 diskoa. Azalean bi metro neurtu ditzakeen gizon puska ageri da, beltz beltza, bozgorailu batzuen aurrean, gitarra eskuan, betaurreko ilunak eta pilotu kapela buruan. Lord Bishop duzu bera, ahots bikaineko gitarra jole trebea, rock&rollaren beste munstroetako bat. Eta denbora galdu gabe, bere musika ibilbideko azken 10 urteetan kaleratu dituen 12 diskoetatik (matematikoki uste zenuen hau ezinezkoa zela) 10 kantu biltzen dituen disko bilduma entzuten jarri zara patxada osoz.
Lehenengo entzunaldian kantu batzuk bikainak direla iruditu zaizu, baina badira oraingoz asebete ez zaituzten abestiak (lehen entzunaldia da, motel!). Dena dela, bildumak kopuru aldetik abesti gutxi dituen arren, esango zenuke nahikoa dela gutxi gora behera Lord Bishopen nondik norakoak ezagutzeko. Ale, diskoa bigarrengoz entzutera zoaz eta amaitu orduko hirugarren entzunaldiari ekin diozu, zeure buruari diskoak engantxatu ez zaituela argi utziz. Oraingoz, zeren bilduma interesgarri hau irekitzen duen
RNR revolution abesti borobila dela iruditzen baitzaizu, bere egunean Jimmy Hendrix, Jhonny Cash zein Jannis Joplinek egin bezala, Lord Bishopek rock&rolla aldatzera etorri dela dioskun kantua. Eta horretarako jaio da bera, rock and rolla osotasunean hartuz, funkya, soula, rock gogorra zein bestelako doinuekin maisuki jolasteko. Azpimarratzekoak iruditu zaizkizu ere pare bat garagardo edan ondoren lagunartean abesteko
What about me, edota
Mama said zein
Forget about the outside funk kutsuko kantuak, azken hori saxo doinuek bustitzen dutelarik. Diskoa laugarren aldiz entzun duzu (nahikoa gaurkoz) eta Lord Bishop musikalki oso anitza dela iritzi duzu, rock and rolla bezain anitza. Ez al da ba rock and rolla anitza bezain aberatsa?