Fonsecak dagoeneko zenbait disko plazaratu baditu ere, hauxe da internazionalki zabaldu den bere bigarren lana, 2003an kaleratu zuen Natural ederraren ondoren. Rive Gauche Rio 60. hamarkadako bossa nova, jazz ukituak eta psikodelia eraginak dituen diskoa da, soul giro atsegina sortuz. Fonsecak abestu eta gitarra samurki jotzeaz gain, Brasilen hain ohikoak ez diren beste instrumentu batzuk sartzen ditu, esaterako Fender Rhodes piano elektrikoa eta tronpeta, horrela emaitza gozagarri eta guztiz garaikidea lortuz. Nire ustez, Rive Gauche Rio-k maisuki jolasten du perkusio erlaxatu eta melodiekin. Aipagarriak dira lan honek biltzen dituen hiru kanten bertsioak: Damien Ricen Delicate, Jorge Drexleren Don de fluir eta Henry Salvadorren Jai vu.