Soul musika aipatuz gero, zer datorkio jendeari burura? Otis Redding, Marvin Gaye, ahots goxoak, sentimenduz egindako musika, arima, maitasun kantuak, 60. hamarkada, Motown... Ba al da soul musika guzti horretaz gain? Gaur egun musika aditu askok R&B deitzen diote egiten den soulari eta normalean AEBetan panpina itxurako gaztetxoek egindako azukrez gainezko doinuei esaten diote soula. Bost axola. Victor Davies bezalako abeslariek kantuak egiten jarraitzen duten bitartean soularen arima bizirik mantenduko da eta garrantzitsuagoa dena, soulak sentimenduak azalean jartzeko duen gaitasuna indarrean egongo da. Nork esango luke gaur egun kaleratzen diren soul diskorik onenetakoak, guk ezagutzen ditugunen artean behintzat, Europan kaleratzen direla, non eta Alemaniako diskoetxe baten bidez. Compost zigilua, brasildar doinuak eta musika elektronikoaren arteko maitasun harremana bultzatzeagatik ezaguna, soul musikaren arimarekin maitemindu da. Eta Victor Davies-en musikaz maitemindu direnak Masters At Work, Da Lata, Mark Rae, Nuspirit Helsinki eta bere kantuen nahasketa berriak egin dizkioten musikari eta produktore guztiak izan dira. Ondorioen beldur izan gabe bultzatutako harremana, zentzuen gozagarri.