Madrilen kokatzen da Boat Beam taldea, eta Josephine Ayling australiarra, Alisha Buttke amerikarra eta Aurora Aroca espainiarra osatzen dute. Euren bigarren luzea dugu
Reincarnation (Origami Records, 2011),
Puzzle Shapes (Origami Records, 2009) estreinako lanaren jarraipena. Tartean, EP bat grabatu zuten 2010ean,
Paper Birds izenekoa, baita Origami Madrilgo indie diskoetxerako ere, baina 200 ale baino ez zituzten argitaratu eta diskoak helburu benefikoak izan zituen, Intermonerako izan baitziren honen etekinak.
Soketan erreginak, (biola, biolontxeloa, pianoa eta gitarra dira euren musika tresna naturalak), Humanity taldeko Qmins-en (perkusioa) eta Charli Bautistaren (baxua eta koroak) laguntza izan dute bigarren disko honetan, eta Manuel Cabezalik (Havalina) eta Boat Beam beraiek ekoiztua izan da.
Zaila da definitzea Boat Beam taldeak egiten duen musika, baina euren lehen lanarekin Madrilgo indie eszena irauli zuten, eta bigarren lan honek horren trazak ditu. Berriro ere, popa, folka, indiea, jazza eta musika klasikoa nahasten dira
Reincarnation honetan, ingelesez ondo jositako hitzekin. Euskal Herrian biratzen izan dira urtarrilean, zenbait zuzenekoetan Mursegoren laguntzarekin.
Azken lan honen zenbait abesti aipatzekotan, hor ditugu
Monte Alban, Sabio, Pollen in the Dust edota
Axis of Rotation. Lasai entzuteko diskoa dugu
Reincarnation, gitarra punteoak, piano sotilak, biolak eta biolontxeloak osatutako testurak eta Joshepinen ahots garbia.