Disko berri hau egiteko Sonic Youth laukote bilakatu da berriz ere, 90. hamarkadatik taldeko ekoizlea eta gero gitarra nahiz gitarra-apala joilea izan den Jim O Rourke-k taldea utzi ondoren. Hasierako taldea berreskuratzean, disko alaiago bat aurkezten digute gainera. Egia da politikaz baino gehiago, amodio istorioetaz ari direla hemen. Rather Ripped berri honek halako musika berpiztea adierazten du. Taldekide guziek berrogeita hamar urte inguru dituztelarik, badirudi Kim Gordonek (gitarra-apala joilea eta kantaria), Thurston Moorek (gitarra-joilea eta kantaria), Lee Ranaldok (gitarra-joilea) eta Steve Shelleyk (bateria joilea) orain arte grabatu ez duten pop diskoa egin dutela oraingoan. Beharbada ez ziren aski zaharrak horren lortzeko... Rather Ripped honen zatiak biziki landuak dira. Badirudi urte askoren ondorioa direla. Hori bai, kantu guziak poparen bat-batekotasun horrekin emanak dira. Do You Believe In Rapture? edo Turquoise Boy urteko kanta zoragarrienetan koka daitezke, zalantzarik gabe.
Sonic Youth-en sormen harrigarriak betidanik eragin handia ukan du rockaren munduan eta disko berri honekin bere alderdi popzalearen eta esperimentalaren arteko oreka guztiz lortu du.