Lau urte igaro dira Beltranek Arditurri disko interesgarria plazaratu zuenetik. Udaberrian kaleratu duen Orhiko Xoria diskoak aurrekoan jorratutako euskal musika tradizionala berreskuratzeko ildotik jarraitzen du. Izan ere, diskoaren 16 kantuetatik erdia baino gehiago doinu herrikoietatik Beltranek moldatutako bertsioak dira. Horixe da, hain zuzen ere, lan honen alderdi interesgarriena, bereziki ederrak iruditzen baitzaizkit zuberotar eta nafar dantza batzuen interpretazioak (instrumentalak, noski). Zenbait euskal instrumentu tradizional erabiltzen ditu (alboka, txalaparta, danbolina) estudioan zuzenean grabaturiko lan hau osatzeko.