Kristonen jatorria ezagutzeko 1991 urtera egin behar dugu atzera, gaztetxo batzuek Kriston Moroie izeneko taldea sortu zutenean. 1994an euren lehen maketa grabatu zuten Bilboko Rock Studios-en Carlos Kreator-en eskutik. Beranduago, taldea banandu zen ordea, eta urte mordoa pasatu ostean, berriz juntatzea erabaki dute, taldekide berriak proiektura gehituz. Orain Kriston deitzen dira eta Aitor Zulueta (ahotsa), Egoitz Azazeta (gitarra), Arkaitz Ortuzar (gitarra), Unai Uriarte (baxua) eta Igor Figerok (bateria) osatzen dute. Iazko udan Bermeoko Bastarre Audio Records-en Mugak gaindituz CDa grabatu zuten. Diskoari rocka dario alderik alde, ukitu kaletar nabari batez indartua eta girotua, non heavy zaharrarenganako zaletasuna ukaezina den.