Joni Mitchel-en dotorezia, Gillian Welch-en emozioa eta Julee Cruise-ren magia doinu bakar batean uztartzea ametsetako kontua dirudi. Baina tira, disko honek une askoetan ez dirudi mundu honetakoa. Marissa Nadler-en ahots liluragarria aspaldian entzun dudan gauza ederrenetako bat da, eta July egun goibel eta grisena ere argitzen duten disko horietako bat da.
Tira, ez pentsa Marissak gitarra riff zaratatsu eta drone mingarriz betetako diskoa egin duenik. Ez da hori, ezta gutxiago ere. Randall-en ekarpena atzealdeko zurrunbilo elektroniko mehatxugarri batean gauzatzen da. Orokorrean, diskoak duen giro espektral misteriotsu horrek mesede handia egiten dio Marissaren ahotsari eta doinuek hunkigarritasunari. Konbinazio eder horretan datza disko honen gakoa eta emaitza zoragarria da goitik behera. Zaila da abesti bat besteen gainetik gailentzea. Trantze txiki batean bezala, berehala pasatzen da, baina uzten duen aztarna sakona da.