Ez dute bolbora asmatu, baina bati baino gehiagori belarrietan eztanda egingo dio disko honek, eta bide batez, belarriak erreko. Europako lurralde hotzetatik (irakurri Hellacopters eta gisakoak) hartutako tankerak erakusten ditu beratar hauen rock and rollak: gitarzalea, hard-rockzalea, punkzalea, mamitsua... Hasiera batean, taldeak erakutsitako jarrera eta indarra aski lirateke beratar hauekin interesatzeko. Bera rock city izenburuko kantuak laburbil dezake disko honek gordeta duen energia, baina, egia esateko, edozein pieza izan zitekeen. Ameba izenpean eman ziren ezagutzera Zauri gaziak eta amets hezeak izenburuko maketa batekin (ikus Entzun! 41), non beren kredentzialak erakutsi zizkiguten jada. Taldea desegiten ez bada, seguru gaude gauza politak egingo dituztela, eta hala gertatzen bada, ez dezatela beren freskotasuna galdu!