Selektah Kolektiboak diskoa kaleratu eta hamar urte igaro direnean hesi asko botatzeko daude oraindik Euskal Herrian. Musikalki aurrerapausoak eman badira ere, bidea luzea eta gogorra izango da. Zorionez, Norte Apache bezalako taldeek argi izpiak jartzen dizkiote bide ilunari. Rayco, Imanol, Aitor, Ibon eta egitasmo honetan parte hartu duten lagunek (Dan, El Shintoma, Sow, Fat Fish eta Dj Alf) urteetako lan gogorraren emaitza eskaintzen digute kaleratu berri duten diskoan.
Konpromezuaren bidetik, sentimenduz gainezka dauden eta hausnarketarako gonbitea egiten duten mezuak entzungo ditugu diskoa osatzen duten bederatzi kantuetan, eta musikalki berriz, rap gordin eta zuzenaren bidetik doa. Euskaraz egindako rap musikak itxaropenerako arrazoi berria du kalean baina bide horretan lanean ari diren lagunek badakite asko dagoela irabazteko oraindik. Hautsaz betetako kristalezko bolatxoak dio garai oparoak datozela euskaraz egindako musika beltzarentzat.