Pixkanaka-pixkanaka bere bide propioa urratzen ari da Nuuk-at talde zornotzarra. 2004an euren lehen lana kaleratu zuten (Zuzen, Ideiak Bultzatuz), eta bi urte geroago, iragan udazkenean, Geisha, bigarrena, alegia. Metal doinuetarako joera zuen hasiera batean Nuuk-atek, baina azken lanean rock and roll bortitzaren aldeko apustu garbi eta fina egin dute. Abestiak zuzenak dira, eta gitarra zorrotzek tankera horretako doinuei bide egiten diete (Geisha, Ametsak bizi nau, Egarriz gose eta Hoztu da uda abestietan, esaterako). Melodia gordinek eta Usoaren ahotsak mamitzen dute, halaber, Nuuk-aten soinu pisutsu eta gihartsua. Baina badira diskoan giro horretatik aldentzen diren bi abesti: Ilundu du gauak eta Udagoiena. Beste estruktura batzuk erabilita, atmosfera ederrak sortu dituzte zornotzarrek aipatutako kantetan. Baina rock and rolla, pisua eta gordintasuna dago , finean, Nuuk-aten oinarrian