A new white deituriko diskoarekin ezagutu genuen talde hau, hip hop eta elektronika ulertzeko beste modu bat erakutsi ziguna eta entzun orduko harrapatu gintuena. Ordea, ez zen horren erraza izan taldearentzat disko hori aurrera ateratzea. Taldekide batek izandako istripu larriaren ondorioz proiektuaren ibilbidea bertan behera gelditzeko arriskua egon zen. Baina San Frantzisko inguruetan kokatzen dugun talde honek oztopoei aurre egin eta disko berriko kantuak eraikitzeari ekin zion. Egitura harrigarriak gauzatzeko gai dira, The Ends kantua entzutea besterik ez dago. Buelta ugari ematen dute gainera egitura horiek eta imajinazio berezia islatzeko gai dira. Halaber, ahotsarekin gauzatzen dituzten faltsete eta bestelako jokoek berezitasun propioa ematen diote diskoari. The Mercury Craz kantu erakargarri zein indartsuak nahiz erabiltzen dituzten oinarri eta soinu bereziek bestelako dimentsioa ematen diote ez bakarrik disko honi, baita taldearen musikari ere. Benetan gomendagarria gauza berriak aurkitu eta ulertu nahi dutenentzat.