Nick Holder-en itzala luzea dela erakustera dator NRK zigilua. Nite:Life izenpean mundu mailan dauden disko jartzaile kotizatuenen sesioak ekartzen dizkigu tarteka eta azkena, hamaikagarrena, Danny Kravit-i egokitu zaio. Urteak dira Danny Kravit Body & Soul, New York hiriko dantza areto ezagunaren disko jartzailea dela. Jakina da, areto horretan sustrai beltza duten erritmoak direla nagusi eta soul, funk eta disco kutsukoak maite dituztela bereziki. Osagai horiei jazza eta latindar perkusioak gehitu eta, azkarregiak izan ez arren, oso dantzagarriak diren erritmoez betetako kantuak jaso ditu disko bikoitz honetan. Fantastic Plastic Machine, Blaze, Dj Food, Dennis Ferrer, Mr. Hermano... eta antzekoen harribitxiak elkarrekin urtu ditu. Kilate askotako emaitza.