Bixente Martinezek (Oskorri, Hiru Truku, Igelaren Banda) ekoiztu du Getxo inguruko seikote honen estreinako diskoa (aurretik Euskal Herriko I. Folk Maketa lehiaketa irabazi zuten). Gure artean ohikoak diren euskal kanta herrikoiak eta taldeko gitarrista Shanti Basaurik konposatutako abestiak tartekatu dituzte lan honetan. Nabaria da folk zeltiarrera gerturatzen dituzten doinuak (esaterako, Turam kanta), Irlandako flauta, gaita galegoa edo eskoziarra erabiliz. CDaren diseinuak ere kutsu zeltiarra du. Oro har, soinu akustikoa jorratzen du Dronadarrek (xirula, alboka). Bereziki aipagarria iruditzen zait Marian abeslariaren ahots ederra.