Tximiniak, dorre elektrikoak, burdinazko hesiak... zuhaitzen adar eta hostoekin elkar nahasten dira diskoaren azalean eta barneko liburuko argazkietan. Gehiegizko esposizioaren eraginez kolore bakanak eta kontrastatuak azaltzen dira, okreak, dimentsio bakarrekoak, opakuak, edertasun bitxiko iluntasun batetan. Argazkiak Jesu taldearen buru den Justin Broadrick-enak berarenak dira eta ezin hobeto deskribatzen dute barruan dagoen musika. Eraikuntzek bere jaioterri den Birmingham hiri industrial, jendetsu eta zikina dakarkigute burura. 80. hamarkadan haren eraginpean hasi zuen bere ibilbidea Justinek Napalm Death eta Godflesh moduko taldeetan ertzeko metal zaratatsuaren ildoan.
Aldi berean, elementu hauek kolore eta dimentsio bakarrean azaltzen dira, gitarren intentsitatea saturazio puntu batetara iritsi dela adieraziz. Irrealak dirudite, beharbada musika elektronikoaren abstrakzioaren seinale. Justinek antzerako mutazio bat jarraituz Techno Animal taldea sortu zuen soinu horiei bide emateko 90. hamarkadan. Azkenik, okre koloreak, zuhaitz adarrek... gaur egun bizileku duen Galesen udazkeneko baso baten ederra ekarrarazten dute. Zeruaren zuriak, amets, aluzinazio kutsu bat ematen dio irudiari, shoegazer musikaren (My Bloody Valentine, Ride...) melodia gozo eta etereoak bezala. Haien moduan zarataren pozoiaz beteriko gozokiak sortzen ditu orain Justinek Jesu taldearen izenpean. Gustuko pozoia, mozkortzailea, narkotikoa... abestien mailan gorabehera txikiak badira ere, gitarra ekaitzaren erdian gordeleku goxoa eskaini eta inoiz amaitu nahi ez zenukeen disko horietako bat da.
Merezi du musikari geldiezin honen bilakaera jarraitzeak. Baita buru den Hydra Head zigiluan argitaratzen dituen hainbat taldeen lana. Erabateko gomendioa.