Ikaragarria den
Roll with you lanarekin soul eszena berrian indartsu sartu zen Eli Paperboy Reed gaztea, gure artean ez dauden Sam Cooke, Ottis Redding zein James Brown handien oinordeko duin gisa, soula pasa den mendeko (eta beltzen) kontua soilik ez dela erakutsiz. Bostongo gaztearen hirugarren lana aurreko bien bide beretik dator: eskola zaharreko soula, maitasun hitzak eztarria urratzeraino abestuaz, pasio eta talentuz egina (kiloka ditu bi horiek Elik). Sorpresa gutxi eta gozamen zein magia asko, nahiz eta beharbada abestiak orokorrean aurrekoek baino energia gutxiago duten. Hala ere, guztiz gomendagarria.
Time will tell, Pick your battles eta
Pick a number maite duzun horrekin dantza lotua egiteko balada aproposak dira. Aldiz,
Come and get it!, Tell me what I wanna hear edota rockabilly kutsuko
You can run on izerditan blai amaitzeko kantu alaiak dira eta amaitzeko erritmo bizkorreko
Explosion eztanda kitzikagarria. Egunerokotasun gogaikarriari irribarrez eta baikortasunez aurre egiteko sendagaia dugu disko hau, erraz harrapatuko zaituen droga goxoa.