entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


Hemen zaude -> Kritikak / Diskoak
| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Diskoak

bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Arkaitz Villar 2010

Bits & pieces San Leon

Askotarikoa CD
"Musikak aske egingo zaitu" entzun daiteke diskoa irekitzen duen "Hysterical eyes" abestian. Bartzelonan bizi eta ingelesez abesten duen boskotea da San Leon. Erritmo tropikalak egiten dituzte, popetik rumba edo folkera doazenak. Oinarri afrikarrak latinoekin nahasten dituzte, "Bits & Pieces" lan freskoa bilakatzen dutena. Hala ere, bi zatitan banatu dezakegun lana da. Lehenengoa Karibera begira dagoena eta bigarrena rockeroagoa, nahiz eta "Cartagena" bezalako kantu beroak amaieran egon. Dantzatzeko momenturik ere ez da falta "Love, speed & picasso" bezalakoetan.
Paco Locok ekoiztu duen diskoan gainera, Television Personalities taldeko kideek ere parte hartu dute: "Connie and dede" abestian hain zuzen ere, diskoko arimatik aldendu gabe punk arima duen kantua. Aldo Comas abeslariak idazten dituen letrek bere bizitzako pasarte eta gertakizunak erakusten dizkigute, "Witches" edo "Birds" bezalako abestietan energiaz beteta datozenak. Abesteko duen jarrera indartsuak gainera sinesgarritasuna ematen die kantuei.
Disko bizi eta sendoa da hau, konponketa ugari erakusten dituena (tronpeta, koru eta apaingarri ugari erabiltzen dituzte horretarako).
"Little Words" abestia pop-rock single perfektua da, lehen entzunalditik oroitzen duzun lelo kutsakorra duena. Horregatik, disko irekia da, estilo guztiz ezberdinak ezin hobeto batzen dituena. Ezustean pasa daitekeen lan horietakoa bada ere, batez ere uda garaian entzunaldi ugari merezi dutenetakoa da.
bidali zure kritikak Bidali zure kritikak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.