Pomadako taldekide ohi Helena Casasek (abestu eta panderoa jotzen zuen) sortutako talde berriaren diskoa dugu Amb Lletra Petita. Pomadaren kataluniar folk alai eta dantzagarritik pop minimalistara jauzi egin du proiektu honekin. Musikalki, sinpletasun biluzi baina dotore batean murgiltzen da. Produkzioa garbia da, konponketa gutxirekin, ia zuzenean grabatuta dagoela ematen du. Letretan surrealismoarekin jolasten dute, Xavier Grimau, Janot Vila eta Ricard Oliva poeta gazteen hitzak erabiliz. Aipagarria da diskoaren diseinu polita: e-mailaren garaiotan, gutun baten eran bilduta dator CDa.