Anitz itxoin behar izan dugu 10000 Days hau entzun aitzin. Egia da erronka itzela zela. Izan ere, Tool-en aitzineko bi diskoek -Aenima (1996) eta bereziki Lateralus (2001)- kritikaren eta publikoren onespen osoa lortu zuten. Maynard James Keenan-en taldeak inork baino hobeki daki metal arruntena metal landuenarekin nahasten. Alkimia ikaragarri horregatik, taldea "Pink Floyd metalzalea" izendatu dute batzuek. Vicarious-en lehen segundoetatik etxean bezala sentitzen gara: gitarra soinuak, bateriaren erritmoak eta giro sailka ezin horrek ezagutzen dugun Tool hori erakusten digute. Beti bezala, ekoizpen lana izugarria izan da oraingoan ere. Musikalki errazagoa badirudi ere, 10000 Days-en giroa aitzineko grabaketarena baino gogorragoa eta ilunagoa da oraindik. Maynard-en ama 10.000 egunez paralizatua egon zen hil aitzin eta disko hau pairamen horren isla da. Tool-ek melodiaren zentzu paregabea dauka bereziki Maynard-en ahots apartari esker. Bere talentuari, sormenari eta irudimenari esker, taldeak ohoreko tokia dauka musikaren munduan. Eta ez metalzaleen munduan bakarrik. Oso gutxi dira hori lortzen dutenak.