Sentsibilitate berezia dute talde batzuek. Sentsibilitate berezia musika egiteko, estilo eta soinu desberdinak nahasteko helburu bati jarraiki (kontzientea edo ez): gauza berri bat sortzea. Hori ehuneko ehunean lortzea ordea, pribilegiatu gutxiren esku dago. Baina saiatzen diren askok gauza interesgarriak uzten dizkigute. Bada, The Linn Youki Project-en hirugarren lana sentsibilitate horren isla da. Soinu organikoa eta elektronikaren arteko proposamena dakarkigu Kataluniako taldeak, film desberdinetako sanplerrak, sintetizadoreak eta ehunka programazio tartekatuz. Emaitza, oraino egin duten onena da. Ez diote ordea freskotasunari muzin egin. Lehen aldiz entzun genituenean erakarri gintuzten eta orain, diskoko hamalau pistetan barrena, bidai original samarra oparitu digute. Liburuxkaren diseinua ere oso atsegina da.