entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Elkarrizketak

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
2022-12-06

Orbel

LURRA, SUSTRAIAK, KABLEAK, ALGORITMOAK


Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Igone Mariezkurrena
Argazkiak: Fanny Maillard

Ingelesezko lau kanta biltzen zituen ‘Beyond There’ (2018) lehen lanarekin post-rock borondate garbia eta melodia mantso eta astunetaranzko joera erakutsi zuten. ‘Hegan’ (2019) diskoak bi aldaketa nabarmen ekarri zituen: bederatzi abestiak euskaraz kantatu zituzten, eta dark metala besarkatu zuten, piezak halako aura misteriotsu batez bustirik. Orain, hiru urte geroago, Orbel baionarrak inoiz baino paganoago itzuli dira, Usopop Diskak diskoetxearen eskutik, aurreko guztietan bezala. ‘Lur Hezea’ (2022) osatzen duten zortzi kantek ongi aski balio lezakete akelarre baten klimaxa edota hondamendi baten bezpera soinuz janzteko. Atmosfera inguratzaileak sortzen trebeak dira Kamille Dizabo (ahotsa), Txomin Urriza (gitarra), Annelise Arnaud (teklatuak, harmoniuma eta ahotsak) eta Alan Billi (sintetizadoreak eta makinak). Azken horrekin mintzatu gara.

 

2020 eta 2021 bitarte idatzi eta grabatutako kantak dira. Ez dakit hileta-introspekzio horiekin esperimentatzea propio bilatutako erronka izan ote zen, ala aurreko bi urteetako gertakariek bideratutako zerbait. Ala, beharbada, zorigaiztoko garai hau egokia izan da burutan zenuten horri forma emateko…
Zorigaiztoko garai hura, guretzat, beste batzuekin konparatuta nahiko pribilegiatuak garenontzat, egokia izan zen musikan zentratzeko eta disko berria ontzeko. Lasaiago ibili ginen, sorkuntza egonaldi luzeagoak egin genituen eta gauzak xeheago landu ahal izan genituen. Baina ez dugu uste testuinguruak hainbesteko eraginik izan zuenik sortu genuen horretan, izan ere, lan hau aurrekoak baino biziagoa eta argitsuagoa sentitzen dugu. Aldiz, garai beretsuan beste proiektu bat sortzen ibili ginen Txomin eta biok (Venil), eta horretan bai islatzen da nolabaiteko munduaren akabantzaren giro gogorra.

Zergatik batean bai eta bestean ez? 
Disko baten koloreak zerikusi handia daukalako taldearen ibilbidearen momentuko egoerarekin, eta musikariok eskura dauzkagun adierazpen aukerekin; talde jakin batean aritzeak gauzak errateko bide jaki batzuk eskaintzen ditu.

‘Lur Hezea’ diskoa aurrekoak baino biziagoa eta argitsuagoa sumatzen duzuela diozu, baina “arima goibelak”, “odola”, “hilbetea”, “gerra” ideiak iristen zaizkigu, hitzez, entzunaldian. Baina ez ditugu hitzez hitz hartuko…  zeri buruz ari zarete? Zer ordezkatzen dute ele horiek?  
Gure –eta bereziki Kamillen– irudimenaren isla dira. Fikzioa eta errealitatea uztartzen dituzte, inkontzientearen eta kontzientearen arteko elkarrizketa dira. Izan ere, Kamillek amets harrigarriak egiten ditu, eta bere gaueko istorio sekretuak kontatzen dizkigularik barre asko egiten dugu. Baina, badira hitz zuzenagoak ere. Adibidez, aurreko diskoko Ama kantarenak; Annelisen amak bere amari, Annelisen amatxiri beraz, idatzitako poema batean oinarritzen ziren. Irentsi kantaren hitzak ere aipa daitezke, modu poetikoan salatzen baitute sistema kapitalista orojale honetan nola batzuk besteak erabili, jan eta bota eta kontsumitzen ditugun.

Badirudi jendeak gogoa eta beharra duela pasatako guztia ahazteko; dibertitzeko, dantzatzeko, bizirik sentitzeko… Nolako harrera eduki dezake zuena bezalako proposamen batek abagune berri honetan?
Galdera filosofikoa da, azkenean. Zertarako da artea? Animazio eta libertimendu hutsa eskaintzeko, nolabaiteko kontsolamendua? Ala ikuspegi eta begirada berria eskaintzeko munduari? Disko hau, eta talde hau ere, funtsean, guretzat egin dugu lehen-lehenik. Eta ez besteengan, eta oraindik gutxiago Artean –barrez– pentsatuta. Nolanahi ere, gure diskoan goxotasuna eta indarra batzen dira. Lasaitzeko entzun daiteke, baina baita indarberritzeko eta dantzatzeko ere.Eta bestela, badaude bakoitzaren beharrei erantzuten dieten beste proposamen asko! Guk ere hala entzuten dugu musika, momentuko gogoaren arabera!

Instrumentu tradizionalei esker eta oinarri-oinarrizko erritmo soilen bitartez lortu duzue diskoaren bereizgarri den errito kutsu hori. ‘Ufada’ kantan entzuten ahal diren danbor-hotsak edota kriskitin/pandero-oihartzunak dira horren adibide. Zer izan zen lehenago: sustrai-soinu horiek zuenera ekartzeko gogoa, ala ukitu tribala bilatzeko determinazioa? 
Betiko giro tribal hauek azkarki hunkitzen gaituzte, giza harremanetatik sortzen direlako eta zerbait magikora eramaten gaituztelako. Oso oinarrizko zerbait da, unibertsala. Funtzionatzen du, eta beti funtzionatuko du. Trip-hop edo bestelako musika garaikideagoetan ere entzun daitezke. Aurreko diskoetan kasik ez genituen jorratu, baina oraingo honetara bai ekarri ditugu. Hiri-paisaiak eta giro urbanoak sortzen aritu ginen lehenik. Eta ondotik ahal bezainbesteko lekua egin diegu guretzat garrantzia handikoak diren osagaiei, hala nola, Kamilleren ahots beroari, harmoniumari, gitarrari. Horregatik entzun daitezke kanta berrietan musika tradizionalaren eta garaikidearen erritmo eta doinuen arteko nahasketa zenbait. Lur hezean ongi errotutako sustrai sakonak, eta kable eta algoritmoz betetako zeru batean hedatzen diren adarrak, aldi berean. Tradizioa etengabe aldatzen ari den zerbait da, ezta?

Bestalde, distortsioek, sintetizadoreek eta beste elementu elektronikoek oraindik 2019ko ‘Hegan’ lehen diskoarekin lotzen dute ‘Lur Hezea’ berri hau. Post-rocka alboratu duzuen bezala, hurrengo urrats batean beste norabide batean esploratuko duzuela pentsa dezakegu?  
Seguru aski, bai. Erran bezala, disko bakoitzak momentukoa islatzen du. Beraz, hurrengoa zer izanen den ez dakigu! Baina Orbel esperimentaziorako espazioa denez, segur gauza berriak erran nahi izanen ditugu.

Oihuak, irrintzien antzeko deiadarrak behin eta berriz errepikatzen dira diskoan. Tarteka, ‘koral’ erara ere heltzen dira ahots horiek. Eta bada salbuespen bat: ‘Lo’. Abesti hori beste guztiak baino xamurragoa da, sehaska-kanta bat izan liteke, halako arnasgune bat. Diskoaren ekuatorean kokatu duzue, bostgarren postuan… kasualitatea?   
Ahotsetan sekulako lana egin dute Kamillek eta Annelisek, modu askoz libreagoan eta askatzaileagoan aritu dira. Horregatik ekarri dituzte irrintziak, xuxurlak, oihuak, melodia bereziak eta abar. Lo arnasgune bat da, bai. Eta diskoaren dinamika zaindu beharra dagoenez, ez da harritzekoa ekuatorean jarri izana. Pianoaren eta ahotsen artean sortu zuten biek, eta isilune asko ditu. Isiltzea musikaren parte baita; maiz, isilune batek zenbait notek baino askoz gehiago erran dezake. 

Notekin nahiz isiluneekin, atmosfera inguratzaile, misteriotsu eta intimoak sortzeko abilezia berezia duzue. ‘Okerra’ kantaren burrunba-hotsen bitartez, esaterako, zinez transportatzen duzue entzulea ekaitz trumoitsu baten bihotzera, edota bonbardaketa baten erdigunera. Areto baten iluntasunean eta intimitatean funtzinatzen du horrek, baina zer moduz ikusten duzue zeuen burua jaialdi handietan?
Musikaz gainera, garrantzia handia ematen diogu ikuskizunaren osotasunari. Eta horretan berebiziko garrantzia daukate argiek. Mikel Perez laguna aritzen da horretarako teknikari lanetan, eta berak lantzen duen argiztapena gure emankizunaren parte da. Leku edo areto bakoitzera egokituz pentsatzen ditugu kontzertuak. Beraz, ez dugu inolako arazorik jaialdietan jotzeko ere! Baldintza onenak gauekoak lirateke, baina musika hau eguneko edozein ordutan entzun daiteke. 

Programatzaileak kexu dira geroz eta zailagoa omen delako aretoak publikoz betetzea. Ohartarazten dute soilik sona handiko artistek eta ezer baino gehiago esperientzia sozial bat diren jaialdi handiek mugiarazten dutela jendea. Zer diozue? Ados zaudete? Hala bada, berri onak/txarrak al dira zuentzat? 
Jendea poliki itzultzen ari da pandemia aurreko ohituretara. Jendartea eta jendea etengabe aldatzen ari da, baina gauza batzuek berdin jarraituko dute. Beti egongo dira proposamen bereziak, eta hauei entzuteko eta begiratzeko prest dagoen jende kuriosa. Talde edo jaialdi handiek ez dute kenduko areto ttipietan talde ttipiagoak hurbil ikusi eta sentitzearen beharra eta plazera. Gu, musikari izateaz gain, beste gauza askoren artean, kontzertu antolatzaileak ere bagara. Eta horretan jarri nahi dugu arreta: teknikari, kontzertu antolatzaile eta areto ttipirik (ostatuak, gaztetxeak eta abar) gabe, halakorik ez dela posible izanen, eta jaialdi edo areto handiekin bakarrik geratuko garela. Beraz, sekulako garrantzia du gehienetan pasioz eta musutruk ari diren antolatzaileak eta espazioak sostengatzeak!

Baionarrak zarete eta hirugarren lan hau, orain arte bezala, Usopop Diskak-en eskutik kaleratu duzue. Lizarrietako gainean, Etxalar eta Sara artean, sortu zen Usopop Jaialdia, gerora diskoetxea ere bai, eta batez ere halako eferbeszentzia bat… ala? Haztegi hartan ernaldu al zen Orbel ere bai?
Orbel Baionan sortu zen, gure bizitegia zen lekuan hain zuzen, etxean. Baina, orain, Lapurdin sakabanatuta gaude. Eta Ipar Euskal Herrian badugu ohitura herri batetik bestera mugitzeko, proposamenen arabera. Mundu ttipia da gurea, eta gehienek elkar ezagutzen dugu. Hala, hasieratik izan genuen Sarako lagunen proiektuen berri, eta Usopopen hasieratik aritu izan gara laguntzaile ala antolatzaile moduan. Berdin Baleapop-ekin, Brah Brah Kolektiboarekin, Atabalekin… Hemen gauza interesgarri asko gertatzen dira: Saran (Usopop), Donibane-Ziburuko Gaztetxean (MoiMoiKolektibo eta Baleapop), Baionako Magneto-n, Biarritzeko Atabal-en eta beste leku askotan. Eta musika tradizionalaren, rockaren eta musika elektronikoaren kultura handia dago, gauzak nahasteko beldurrik gabe. Horrek emaitza interesgarri pila bat ematen ditu: Lumi, Mäirü, Fusible, Ødei…  

Baionako Magneto aipatu duzu. Ateak berriz noiz irekiko zain zaudete. Bestela, non egosten da musika Lapurdiko hiriburuan? 
Bai. Obra luzeak egin ondoren, itxura berriturik, 2023an berriz zabalduko ditu ateak 200-300 pertsona hartzeko. Magneto gabe, Baionan ez dago kontzertuak jotzeko leku askorik, uda garaian terrazetan egiten diren formatu ttipikoak aparte... Eskerrak, artean, Züzülü sortu zela, Baiona Ttipian. Niko Armendaritzen lan handiari esker, gaualdi kulturalak, dantzaldiak eta kontzertuak antolatzen dituen taberna, elkartea eta lanerako espazioa da. Leku oso polita eta berezia. Epaiska taberna eta elkarte militanteak ere antolatu izan ditu kontzertu akustiko batzuk. Bestela, Biarritzeko Atabalen pasatzen dugu denbora asko, entseatzen eta kontzertuak ikusten. Eta Ipar Euskal Herriko gure hiru lurraldeak ekimen interesgarri pila batez osaturik daude: libertimenduak, pastoralak, punk kontzertuak, herriko bestak, kultur jaialdiak (Maitaldia, HaizeBegi…). Astebururo bada zerbait!

bidali zure elkarrizketak Bidali zure elkarrizketak
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.