entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Erreportajeak

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-20

Uger

EZ DAGO EPELKERIARIK

Deustu lekuko, musikari bikote bi elkartu ziren: bateria bat (Uri) eta hiru gitarra-jotzaile (Borja, Piker eta Haza). Azken horrek, gerora, gitarra utzi eta baxua hartuko zuen. Taldearen lehen diskoa grabatu zuten eta, hilabete batzuk geroago, Gago batu zitzaien, konposizioei letra eta ahotsa jartzeko. Emaitza Uger izan zen, sei abestiz osatutako CDa. Borja Arbaizak grabatu zuen, 2017ko udaberrian, eta hurrengo urteko martxoan ikusi zuen argia.

 

Testua: Alvaro Hilario 

 

Debut lanaren ostean, beste hiru etorriko ziren. Uger II (2018) Jorge Peralesen (Zarata Estudios) eta Borja Arbaizaren eskutik grabatu zuten. Lehengo lepotik burua (2022) El Submarino Recordsen grabatu zuten, Iñigo Escauriaza eta Borja Arbaizaren gidaritzapean. Eta Lau-bat 2022ko udan grabatu, nahastu eta masterizatu zuen Uger taldeak berak Basauriko Txarraska Gaztetxeko estudioan; soilik bateriak grabatu zituzten aparte, Derioko korta batean.

Zaila da Ugerren musikari etiketak jartzea. Oso indartsua da, iradokitzailea, inor epel uzten ez duena. Oinarri erritmiko izugarria du, eta gitarrek, ahotsek eta teklatuak atmosfera limurtzaileak sortzen dituzte, entzuleak oldartuz. Haza eta Uri bat datoz definizo saiakera horrekin: “Energia handiko abestiak egitea gustatzen zaigu, intentsitateen artean asko aldatzen direnak eta normalean oso goian amaitzen direnak. Bestetik, atmosferak bilatzea ere gustoko dugu. Horiek dira bi gakoak. Beno, hirugarren bat ere bai: ukitu malenkoniatsua, baina beti energia handiarekin. Ez dakigu energiarik askatzen ez duen abestirik sortzen”.

 

Taldeak berak azaldu digu kantak egiteko prozesua zelakoa den: “Egia da entseguetan kanta asko sortzen ditugula, baina ez askok esaten duten beste”, dio Pikerrek. Eta gehitu du: “Ez dugu, bestalde, metodo finko bat. Hasieran, gauza asko etxetik ekartzen genituen eta lokalean eztabaida luzeak edukitzen genituen. Ikasteko oso baliotsuak izan ziren guztiak. Egun, berriz, aire-mikro bat daukagu eta egiten duguna grabatzen dugu. Gauzak modu naturalagoan ateratzen dira; agian batek badu ideia garbiren bat, edo aldez aurretik egindako grabazio bat berreskuratu eta horri helduta forma ematen saiatzen gara”. Urik dio beti izan dutela entseguak grabatzeko ohitura: “Inprobisatu egiten dugu: lokalera iritsi, jotzen hasi eta gauzak ateratzen hasten dira. Batzuetan, hogeta bost minutuz aritzen gara gauza bera egiten; bestelakoekin ausartzen gara beste askotan. Gerora grabaketa horiek berreskuratzen ditugu eta, kanta bat egiteko balio dutela komentatzen badugu… esan eta egin! Orain dela gutxi, adibidez, sei urte zituzten grabazioak baliatu ditugu gaur egun sortu ditugun kantak borobiltzeko”. Eta Pikerrek gehitu du: “Zerbait gogoko baldin badugu, ahaztu aurretik forma ematen saiatzen gara, zer edo zer landuagoa eta egituratuagoa lortzeko; gerora errepikatzen saiatuz gero, ez litzatekeelako sekula berdina izango”.

 

Voltioen errituala

Arestian esan bezala, ez dago epel mantentzerik Ugerrek askatzen duen energiaren aurrean. Zer esanik ez kontzertu batean, gaztetxe edota taberna likits batean. Zer da, baina, kontzertua Ugerrentzat? Gagorena da erantzuna: “Lehenengo eta behin, kontuan izan behar da emanaldiari zelan egiten diogun aurre. Garrantzitsua da gure nortasunaren, eman dezakegun horren eta gauden tokiaren arteko koherentzia zaintzea. Ume pila baten aurrean jotzeak, adibidez, arrotz sentiaraziko ninduke, lekuz kanpo. Beste saio batzuetara, ordea, oso gogotsu joaten gara, munduko lekurik likitsenak izan arren, tokia edo jendea gustoko ditugulako.

Beste talde batzuekin, gogoko taldeekin, kontzertuak ematen aritzen direnean asko gozatzen dutela azpimarratu du Hazak, eta pena dela gehiagotan ez egitea. “Ondarruko Braulio jendearekin, adibidez, feeling oso ona dugu. Hara joateko esan izan digutenean, ez diegu begiratu baldintzei edota lekuari, beraiekin aritzeari eman diogulako lehentasuna, bakoitzak bere onena eman eta eguna pasatzeko plan ederra delako”, dio Borjak. Hazak dakar ñabardura: “Garaiak eta garaiak dira. Lantzean behin lokalean sartuta egotea ondo dago: zerbait konposatu, batek riff bat ekarri eta horren gainean lan egin”.

Duela urtebete, baina, taldearentzat ohikoa ez zen oholtza zapaldu zuten: Bilboko Kafe Antzokikoa. Bazkarekin batera eman zuten kontzertu gogoragarria. Egun hartan bertan, gainera, bost urte bete ziren Uger-ek lehen zuzeneko saioa eman zuenetik.

Honela gogoratzen du Borjak: “Ederra izan zen. Oparia ikusleentzat, taldea ezagutu ala ez. Erraza izan zen, publikoak eman zigun harrera bero itzel harekin. Baina, aldi berean, hiri bateko areto handi batean jotzeko ohitura falta nabaritu genuen. “Gauza berria izan zen, baita ere, aretoa jendez lepo ikustea. Baina, bai hartan zein gainontzeko kontzertu guztietan ere, ikusle moduan baldin banago ere, voltioen erritualaz gozatzen dut”.

Hazak ere badu zer esan: “Kafe Antzokian nahiz kalean aritu, soinu ona egiteko erronka jartzen diogu geure buruari. Ekualizatu, modu batean. Gauzak egin katastrofea ahalik eta txikiena izan dadin. Erronka hori gogoko dugu, etengabekoa da. Gauza bat ikasi eta segituan berriro huts egin; ikasteke zenuena zer zen aurkitu, eta berriro gerta ez dadin saiatu”. Eta soinu ona lortzeko bide horretan aurrera egin dutela uste du Urik: “Hasieran bilatzen genuen soinu hori lortzen hasiak gara; orain badakigu soinuak maneiatzen”.

Ikasketa-prozesuaren soka luzea da gero: “Tramakulu guztien funtzionamendua ulertzea ere lagungarri egin zaigu, lehen dena magia hutsa baitzen: botoia sakatu eta kitto”, dio Pikerrek. “Gure jakin-minak ikertzera bultzatzen gaitu, eta hasieran ezinezkoak ziruditen kontu teknikoak ere ulertzen ditugu orain”.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.