entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2024-02-26

Zeluloidezko kasetearen B aldea

Sing Street Sing Street (John Carney, 2016)

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Hollywoodeko ekoizpen ospetsu eta hanpatuen itzalean, musikaren taupadak zein musikarien argi-ilunak ere ezin hobeto islatzen dituzten hamaika pelikula ezezagun, ahantzi eta apart aurki daitezke. Horietako batzuen xarmaz, ondorengo lerroetan.   

Testua: Iñaki Lazkano Arrillaga

Kasetea nagusi zen sasoi urrunean, kantarik entzutetsuenentzat ohorezko tokia izan ei zen beti A aldean. Abesti arrakastatsuenen erresuma zen. Edozelan ere, sarri-askotan B aldean hartzen zuten aterpe harribitxi iradokitzaileenek. Ohiko parametroetatik at zeuden kantak ziren, egiazki. Musikaren maitaleek txera handiz adoptatzen zituzten doinu zurtzak. Antzeko zerbait ere jazotzen da musikaz jarduten duten pelikulekin. Guztiok ezagutzen ditugu ospetsuenak, baina ugariak eta anitzak dira B aldearen itzalean ezkutatutako lan apartak. Bost proposamen doazkizue jarraian.

 

Bihotza iparrorratz

Once (2007) pelikula ederrarekin lotzen dugu John Carney irlandarra. Indiemusikal hark oihartzun handia izan zuen musikazale ororen artean. Hori gutxi balitz bezala, Glen Hansard eta Marketa Irglova protagonistek abesti onenaren Oscar saria lortu zuten Falling Slowly kantarengatik. Baina bada Carneyren zineman arras berezia den beste pelikula bat: Sing Street (2016).

Film gazi-gozoa da eta Carneyren beraren nerabezaroa du oinarri. 80ko hamarraldiko Dublinen dago girotuta eta oso gordin islatzen du garaiko errealitate soziopolitikoa. Zuzendariak, ordea, Conor nerabearen bizipenetan ardazten du istorioa. Raphina izeneko neska batekin maiteminduta dago gaztea eta musikaren bitartez haren bihotza bereganatzen ahaleginduko da. Hala, musika talde bat osatu eta euren bideoklipen protagonista bilakatuko du neska.

Sasoiko musika taldeen erreferentzia zein abestiz ere zipriztinduta dago filma. Kantak askotarikoak dira. Besteak beste, Duran Duran, The Jam, The Cure, Motörhead eta Joe Jacksonen abestiak entzun daitezke. Baita Carneyk berak idatzi eta konposatutakoak; protagonistak eta lagunek sortutako Sing Street taldearen abesti gehienek zuzendariaren sinadura baitute. Halaber, musika bera da hizpide. Baita maitasun kontuetan ere. Zentzu horretan, bada eszena adierazgarri bat. Conor etsituta dago, Raphinak mutil-laguna duela jakin berri baitu. Anaiari morroiak Genesis entzuten duela esaten dionean, honek lasaitu egiten du: “Arazorik ez dago. Ezinezkoa da Phil Collins entzuten duen inor benetan maitatzea”.

Samurra da Sing Street. Musika arnasten duen drama erromantiko samina oso. Umore ukituz landua. Baina, hala eta guztiz ere, bere testuinguru ankerra ezkutatzen ez duena inolaz. Eta, bihotza iparrorratz duenez, Adam Levineren Go Now abestiaren hitzek gozatu egiten dute bere bukaera ziurgabea. Nola? Nerabezaroa nostalgiaz oroitzen dutenen ametsak beteko diren itxaropenaz.

 

Zuria beltzez

Itxaropenerako zirrikiturik ez dago, ordea, Anton Corbijn zinemagilearen Control (2007) filmean. Testuingurua antzekoa da. Langile auzo bat. Macclesfield, Ingalaterra, 1973. Filmaren koloreak sasoiko errealitatea islatzen du. Zuri-beltza. Nerabea bere gelan dago. Etzanda. Erre eta erre. Biniloak David Bowie-ren musika oka egiten du. Ballard, Burroughs eta Mailerren liburuak ikus daitezke apalean. Eta Jim Morrison 27 urterekin zendu zela oroitarazten duen karteltxo bat. Berak ez daki, baina gazteago hilko da. Ian Curtis du izena, Joy Division mitikoaren kantaria da.

Zalantzarik gabe, Corbijn herbeheretarraren pelikularik onena da. Bideoklipen zuzendaritzan zaildu zen arren, esparru horretan ibilitakoek izan ohi duten estilo hanpatuaren arrastorik ere ez dago filmean. Ezin hobeto irudikatzen baititu zinemagileak Curtis poeta madarikatuaren arima eta tormentua. Musika dario filmari. Sex Pistols, Buzzcocks, Roxy Music, David Bowie, The Velved Underground eta beste hainbat talderen kantak dasta daitezke bertan. Baina, gisa honetako biopicorotan legez, protagonistaren taldearen musika da nagusi. Musika eta hitzak. Curtisen poesia hitsik gabe ez litzateke-eta Joy Division ulertzerik izango. Bereziki, haren bihotza urratzen duen She’s Lost Control aparta barik.

Sentimentalismo merkea saihestuz, Ian Curtisen erraiak erakusten dizkigu Corbijnek, zinez. Epilepsiak jota dagoen gaixoaren tragedia; emaztearen eta maitalearen artean bihotza erdibituta duen gaztearen drama; arrakastari izkin egin ezinik dabilen herabe bakartiaren ezina. Finean, oinazeak kraskatutako artista baten argiak zein itzalak. Eta, bukaeran, Iggy Pop musikariaren diskoaren doinuak ahitu ahala, zuria beltz bilakatzen da.

 

Altzairuzko oihaletik harago

Joy Divisionen musika herrialde sozialistetara ere iritsi zen arren, inork gutxik zuen sasoi hartan Leningradoko underground musika oparoaren berri Mendebaldean. Kirill Serebrennikov errusiarraren Leto (2018) filmak, hain justu, 80ko hamarraldiko musikari sobietarrak eta euren bizipenak ezin hobeto irudikatzen ditu.

Viktor Tsoi abeslari eta musikari errusiarraren biografia moduko bat da filma. Gure artean oso ezaguna ez bada ere, itzal handiko artista izan zen Tsoi Sobietar Batasunean. Auto istripu batean galdu zuen bizitza Kino taldearen liderrak, oso gazte, 1990ean. Eta, urte hartan, dozenaka nerabek beren buruaz beste egin zuten haren heriotzaren berria zabaldu zenean.

Tsoiren musika-ibilbidearen hastapenak eta horrek Zoopark taldeko buru Mike Naumenkorekin izan zuen adiskidetasun harremana ditu ardatz Serebrennikovek filmean. Kanta-idazle paregabea zen Naumenko eta, bere hitzetan, Dylanen eragina argia da. Aita baten modukoa izan zen Tsoirentzat. Garaiko musikarik onena ezagutzeko parada, zentsura sobietarraren aurrean babesa eta lehen diskoa grabatzeko aukera ere eskaini baitzizkion.

Naumenkoren emazte Natalia eta Tsoiren arteko erakarmenaz ere dihardu pelikulak. Ildo horretatik, bada eszena gogoangarririk. Nataliak senarrari aitortzen dionekoa Tsoi musukatu eta harekin eskutik helduta pasiatu besterik ez duela egin, kasu. Emaztearekin erabat maitemindurik dagoen Naumenkok, baina, iradokitzen dio hori arriskutsuagoa dela amodioa egitea baino. Atsekabeturik. Maitasuna baino gehiago, musika da filmaren muina, ordea. Hala, film osoan barna, Kinoren musika ez ezik, Zoopark, Aquarium eta beste hainbat talde errusiar ere ezagut daitezke.

Zuri-beltzez errodatua nagusiki, narratiboki zein estetikoki film aparta da Leto. Adiskidantzaz, maitasunaz eta musikaz gogoeta egiten duen pelikula interesgarria oso. Sobietar Batasuneko 80ko hamarraldiko gizartearen erradiografia sinesgarria eskaintzeaz gain, altzairuzko oihaletik harago musika fina ere egiten zela erakusten baitu.

 

Queer harrotasunaz

Gerra Hotzean girotutako film beroa da Hedwig and the Angry Inch (2001) gogoangarria, Off Broadwayn arrakasta handia lortu zuen izenburu bereko musikalaren zinema egokitzapen aparta. Zuzendari eta gidoigile aritzeaz gain, protagonista nagusiaren rola ere jokatzen du bertan John Cameron Mitchell estatubatuarrak. Bowieren uharari jarraiki, glam-rock estiloa da nagusi pelikularen soinu-bandan zein bere iruditerian. Eta, orobat, gay harrotasuna du aldarri. Kultuko film bilakatu zen estreinatu eta lasterrera.

Aitaren sexu-abusuak jasan ondoren, amak Ekialdeko Berlinera eraman zuen Hedwig mutikoa. Gaztaroan, harresia gainditu ezinik, militar estatubatuar batekin ezkondu zen handik ihes egiteko. Baina, aurretik, ebakuntza bat egitera behartu zuten. Ez zen ondo irten, ostera. Eta, orduz geroztik, bagina baten ordez, haragi zatitxo bat du hankartean. Senarrak abandonatu ondoren, Tommy Gnosis pop izar eta maitale ohiak bihotza eta abestiak lapurtu zizkion Hedwigi. Orain, areto eta jatetxe erdi hutsetan ematen ditu kontzertuak The Angry Inch talde bitxiarekin batera.

Cameron Mitchellek musika taldearen abestiaren hitzak, animazioa eta flash-back ugari ere darabiltza filmean Hedwigen bizipenak eta sentimenduak biluzteko. Film probokatzaile eta apurtzailea da, estetikoki ikusgarria oso. Zalantzarik gabe, Stephen Trask musikagileak konposatutako abestiak eta Cameron Mitchellen interpretazioa dira pelikularen dohai nagusiak.

 

Sistemak mutututako izarra

Fikzioan ez ezik, dokumentalen esparruan ere badira musikaz blaitutako hamaika perlatxo. Matangi / Maya / M.I.A. (2018) da, beharbada, berezienetakoa. Ez da pelikula biribil-biribila, baina inperfekzioaren lilura duenik ezin uka. Bertan, Steve Loveridge zinemagileak M.I.A. abeslari tamildarraren bizipenak dakartza.

Berezia da M.I.A. Ez baita ohiko musika izarra. Londresen jaio eta abeslari bihurtu bazen ere, Sri-Lankan ditu bere erroak. LTTE Tamil Eelam-eko Askatasun Tigreak gerrillaren sortzaileetako bat izan zen haren aita, eta horrek erbestera bultzatu zuen. Ingalaterran arte eta diseinua ikasi ostean, dokumental errealistak zuzentzea zuen amets. Paradoxikoki, M.I.A.-k berak urte luzez grabatutako irudiak darabiltza Loveridgek haren nortasuna erretratatzeko.

Hip-hop-a oinarri harturik eta dance musikarekin jolastuz, arrakasta erdietsi zuen M.I.A.-k. Kala (2007)diskoak, hain justu, gailurrera eraman zuen; munduko diskoteka guztietan dantzatu ziren-eta Jimmy eta Paper Planes gisako kantak. Filmaren parterik interesgarriena, ordea, adierazpen askatasunaren zutabe omen diren hedabide estatubatuar handiek M.I.A.-ren mezu politikoak nola isilarazten dituzten agerian uzten denekoa da. Migranteen egoera gordinari buruzko salaketa toleratzen den arren, tamildarren inguruko guztia zentsuratu ala desitxuratzen baita. Harrigarria, benetan. M.I.A.-k ez duelako gerrillaren biolentziaren aldeko apologiarik egiten, Sri-Lankako Gobernuak tamil etniako herritar arrunten aurka egindako jazarpen eta hilketak salatu baizik.

Dokumentala amaitzear dela, aspaldiko irudi batzuetan, M.I.A.-ren begi negartsu eta gorrituak nabarmentzen zaizkigu. Sustraiak atzean uzteak eragindako malkoak dira, baina isilarazitako salaketen aurrean sentitutako ezintasunarenak ere izan zitezkeen.

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.