Rocka jo eta euskaraz kantatu zuten, hori arrarokeria hutsa zen garaian. Bi disko aski izan ziren gerora etorriko zen euskal rock progresiboaren oinarriak jartzeko. Plazetan zein antzokietan, pilotaleku eta ikastetxeetan, arrakasta ezagutu zuten 70eko hamarkadan. Baina Euskal Rock Erradikalaren eztandak ordura arteko zirkuitu haiek kolokan jarri zituen eta Koska taldeak, garaiko beste askok bezala, dantzaldietan aurkitu zuen biziraupenerako lubakia. Urteen iraganak ahanzturan ito ditu, baina Elgoibarrekoek zabaldutako bideak ez du parekorik, eta utzitako ondarea aitortzera gatoz.
Testua: Urko Ansa
1971n Expresión Sonora taldea banatzearekin batera zabaldu zen, nolabait, geroago Koska izango zen taldearentzako bidea. Expresión Sonora 1969an sortu zen Elgoibarren; gazteleraz ‘conjunto músico-vocal’ izena zuten horietakoa zen. Dantzaldiak egiten zituzten; diskoteka, dantzaleku eta herrietako jaietan, batik bat. Lantzen zuten errepertorioa, ordea, ez zen batere ohikoa. Patxi Garcíak (1947, ahotsa eta gitarra erritmikoa), Luis Mari Arakistain Luki-k (1947-2016, bateria), Gabi Agirregomezkortak (1951, gitarra solista) eta Alfonso Guillók (1953, ahotsa eta baxua) elkarren esperientziaren berri izan zutenean elkartu ziren.
British Blues errepertorioa biziki maite zuten, hala nola, The Animals, The Kinks, Spencer Davis Group, Rolling Stones, John Mayall... 1969ko urriaren 18an eman zuten lehen kontzertua eta, talde arrakastatsua izanagatik, 1971ko udara bueltan banandu ziren. Taldearen barrenera begira, Alfonso eta Gabi anbiziotsuagoak ziren, pauso bat haratago joan nahi baitzuten. Orduan abiatuko zen hasieran aipatu dugun etapa hura, 1976an lehen diskoa grabatu artekoa alegia. Iazko Entzun! urtekarian Expresión Sonora taldeari artikulu luzea eskaini genionez, ez gara berriro luzatuko.
Sorrera
1974a aipatu izan da Koskaren sorrera-urte moduan. Hala ere, 1971tik 1974ko urteak garrantzitsuak izan ziren, eta protagonistek guztia prozesu bat bezala gogoratzen dute, pixkanaka euskaraz konposatzen hasi zirenekoa. Kontuan hartu behar dugu 1971n Gabi zela Koskako kideen artean euskaraz zekien bakarra. Hala bada, Alfonsok euskara ikasi zuen garai hartan, eta egindako hautu horrek markatuko zuen beraien ibilbidea. 1972 aldera eta 19 urte zituela Elgoibarko Ikastolan lanean hasi zen Alfonso; urtebete lehenago egina zuen euskararen aldeko hautua. Ikastolan ezagutu zuen Antton Haranburu usurbildarra, Koskaren lehen diskoko hitzak idatzi zituena. Ordurako, Alfonso jada hasia zen abesti pare bat konposatzen: “18 urterekin egin nituen Ogia Eska-ren musika eta Beldurrezko Gau Batean instrumentala.Hori 1971ko udan bertan izan zen.Bizitzaren poemaere garai hartakoa da”. Hiruak geroago, lehen diskoan, grabatuko zituzten. Bigarren diskoari heldu orduko Alfonsok euskara ondo menderatzen zuen eta hitz guztiak berak bakarrik idatzi zituen.
Baina goazen Elgoibarrera atzera, 70eko hamarkadaren hasierara. Luis Miguel Diego Mitxi (1951, gitarra), Txerra Gurrutxaga (1951, ahotsa, flauta, gitarra) eta Endika Iriondo (1951-2007, bateria) Alfonso eta Gabirekin elkartu ziren 1970. hamarkadaren hastapenetan. Alfonsok honela gogoratzen du: “Expresión Sonora izenarekin dantzalekuetan aritzen ginen. Koska bihurtu ahala, kontzertuetara pasatu ginen”. Rocka egitea, euskaraz gainera, gauza aski arraroa izan zen Franco hil ostera arte ere. “Koska taldeaz ari gara, baina ez Koska ezagun bati buruz, euskaraz kantatzen zuen rock talde bati buruz baizik. Artean, ‘euskal rock’ etiketa ez zen existitzen”.
Fernando Unsain eta lehenengo diskoaren grabaketa: Koska (1976)
Fernando Unsain aurtengo urriaren hasieran zendu zen 78 urte zituela. Eltzegor taldeko kidea zenak, Madrilgo Moratalaz auzoan bizi zen arren, IZ diskoetxea jarri zuen martxan 1975ean, beste bi lagunekin batera. Espainiako hiriburuko intelektual jendearekin kontaktu handia zuen. Gerora, Donostian, IZ estudioa eraiki zuen. Zigilu hori euskal musikagintzan zutabe izan zen bere desagerpenera arte.Rockarekikojarrera irekia zeukan Fernandok, eta berak ekoiztu zuen Koskaren lehen lan homonimoa. Hala ere, eta Madrilgo Regson estudioa oso prestigiotsua zen arren, ez zeuden rock musikara ohituta. Gainera, oso azkar grabatu zuten. Alfonsok hala dio: “Disko hau, rock ekoizle batek egin izan balu, ez zen horrelakoa izango, baina tira, egin genuen eta kito. Momentu horretan kristoren pepinazoa izan zen”.
1976ko ekainean grabatu zuten Koska diskoa, hamar egunetan.Azaleko zuri, berde eta gorri koloreena Fernando Unsainen ideia izan zen. Gogora dezagun artean ikurriña oraindik legeztatu gabe zegoela. Batik bat rock estiloko lana da. Gabik zera dio: “Dena den, 5x8 metrika asko erabili genuen. Alfonsok egin zuen musika, baina gitarra denak nireak dira. Nire intentzioa zen Pink Floyden lehen diskoaren ukitu hori ematea (The Piper at the Gates of dawn, 1967).
Otaloreen antzera izan zen singlea. Martxa bat bezalakoa zen: “Langileak sindikatura!”, oihukatzen zuten. Alfonsok testuinguruan kokatu du : “Xeberri eta Gontzal Mendibilen Kapitalismoak-en garai hura zen, dena zegoen bero-bero. Eta Otaloreen antzera ere letra oso gogorrarekin egin genuen. Natxo Garate soinu teknikari aritu zen zuzenekoetan, eta hala oroitzen du: “Kanta hura eta Garraztasuna askotan jartzen zituzten irratian”. Garraztasuna, taldearen famatuenetakoa izango zena, ia oso-osorik eginda eraman zuen lokalera Gabik. Hitzak, berriz, Alfonsorenak dira. Kanta hori Txerrak abestu zuen eta betirako txertatu zizkion berezko malenkonia ukitua eta dotorezia. Beste pieza batzuek, ordea, konplexutasun handiagoa zuten; zalantzarik gabe, gerora etorriko zen rock progresiboaren lehen zantzuak ziren.
Baserriakegitura klasikoa duen kanta da, eta Ogia eska melodia malenkoniatsu bat. Beldurrez abestiak, bestalde, pasarte biziki interesgarri eta iradokitzaileak ditu. Beldurrezko gau bateanizenekoinstrumentala, 18 urte besterik ez zituenean hasi zen idazten Alfonso. Pink Floyden Astronomy Domine-ren eragina du. B aldean egon behar zuen, baina LParen iraupenagatik A aldean sartu zuten. Aldiz, B aldera pasatu zuten. Rock progresibora hurbiltzen hasiak ziren, argi eta garbi, kantaotan. Garraztasuna bera progresiboa da zentzu literalean: garapen bat dauka, intentsitatea gora doa... Txerrak egin zuen kanta honetan entzun daitekeen irrintzia, baita kontzertuetan ere.
Bizitzaren poema ere aipatu dugu lehen; aurreneko diskoa atera orduko kantak bazeramatzan hainbat urte bere bidea egiten. Hiru zatiz osatuta dago, hiru pistaz, nahiz eta kanta bat bezala ere har genezakeen: Jaio eta haztea, Kontraesanak eta Itxaropena dira haien izenak. Guztira, 18 minutuko bidaia esperimental eta bizia da, rock progresiboaren tradiziorik onenean.
Diskoko azken kanta lehen aipatu dugun Garraztasuna da, A aldean egon beharrean, iraupenagatik, B aldera pasatu zutena. 2013an Ruper Ordorikak grabatu zuen bertsioari esker, beharbada, taldearen ezagunena bihurtu da. Lehen aldeak, beraz, konbentzionalagoa behar zuen izan, eta bigarren aldea kanta esperimentalago eta progresiboentzako pentsatua zuten. Alfonsok honakoa ondorioztatzen du: “Lehenengo diskoak 60ko hamarkadaren zantzu gehiago jasotzen ditu bigarrenak baino”. Koska lehendabiziko disko homonimo hark arrakasta handia izan zuen eta emanaldi asko egin zitutzen eskola, institutu, pilotaleku eta euskal zein bestelako rock jaialdietan.
Jaime Iarritu, Jean Phocas eta bigarren diskoaren grabaketa: Bihozkadak (1979)
Hurrengo diskoa Xoxoa diskoetxe ia sortu berriarekin argitaratu zuten. Donibane Lohizuneko Bacchanales estudioan grabatu zuten 1978ko azaroan, Jean Phocasen gidaritzapean. Diskoaren nondik norakoak zehaztu eta obra politiko bat egitea erabaki zuten: Bihozkadak lanakEuskal Herria bera hartuko zuen ardatz. Gai orokor eta zehatzak uztartu zituzten arren, kantak nagusiki barrura begirakoak dira. Horrenbestez, kanpoko gertaerek norberaren baitan eragiten dituzten sentimenduek, nahiek eta esperantzek bere lekua izan zuten lan honetan. Alfonsok azaldu digu: “Gaitegia denon artean adostu genuen; hitz guztiak, berriz, nireak dira. Gabik egin zituen Zaramagako Boza eta Gurea abestiak, eta nik beste guztiak. Partaidetza eta talde-lan handia egon zen abestien antolaketan eta moldaketetan”.
Azala garai hartan Egin egunkarian marrazten zuen Jon Zabaletak egin zuen. Barrukaldea diseinatzeaz, aldiz, Elgoibarko artista bat arduratu zen: Luis M. Zubiaurre. Lehen diskoa baino denbora gehiagorekin eta Jean Phocasen mailako ekoizle batekin grabatuta, lan askoz ere konpaktuagoa eta borobilagoa lortu zuten. Aurreko lanean bezala, Txerrak flauta jo zuen zati batzuetan.André Lafittek (Jean Phocasen laguna) teklak jo zituen. Natxo Garate soinu teknikari aritu zenak dio: “Bizpahiru egunetan grabatu genuen dena. Jean Phocas, guretzat… ez dizut esango jainko bat, baina nibel oso altuko ekoizlea zen. Berarekin grabatze hutsak maila bat bazenuela adierazten zuen”.
Hitzak musika baino lehenago idatzi zituzten; kontzeptuaren zentraltasunaren eta mezuen garrantziaren seinale. Osotasun modura pentsatutako diskoa da. Musikari dagokionez, rock progresiboan murgildu ziren buru-belarri. Garapen instrumental luzeak, esperimentaziorako tarteek, erritmo aldaketa ugarik eta han-hemenkako ezustekoek obraren izaera anbiziotsuaren froga dira. Oraingoan bai, esan zitekeen bilatzen zuten hartatik askoz ere gertuago geratu zirela. Continuum bat antzeman daiteke lan osoan, maila kontzeptual nahiz artistikoan koherentzia bilatzen duena. Soinu efektuak (bihotz-taupadak, Gernikako bonbardaketa gogorarazten duten zaratak, hegazkinak...) Efectos de sonido izeneko disko batetik hartu zituzten. Alfonsoren baxuak, bestalde, presentzia handia hartu zuen lehen LParekin alderatzen badugu.
Bihotz-taupadekin hasi eta horrelaxe amaitzen da diskoa, obrari osotasuna emanez. Ehun urte, lehenengo kanta, Gernikako seme-alabei eskaini zieten, eta bonbardaketa salatu eta Gerra Zibileko kontestua deskribatzen du. Hegazkin eta bonben efektuak ere ez dira falta. Burgosko auziari buruz hitz egiten duen Esnaera piezan oso nabaria da Pink Floyden eragina. Gainera, Natxo Garate teknikariak KORG MS-10 sintetizadorea (teklatu monofoniko bat) jo zuen abesti horretan, eta ahots batzuk ere sartu zituen.
Gureakantak, konplexutasun musikalean sakontzeaz gain, ikasleen frustrazioa plazaratu zuen. Euskal rockean inork “masturbazio” hitza erabili zuen lehen aldia izan zen. Alfonsok: “Hitz hori sartzera ausartu nintzen. Ez zegoen eskubiderik. Guri kastrazio mentala ekarri ziguten, erruduntasuna; eta neskei egin zietena are okerragoa izan zen”.
"Euskal rockean inor ‘masturbazio’ hitza erabiltzera ausartu zen lehen aldia izan zen. Ez zegoen eskubiderik. Kastrazio mentala ekarri ziguten, erruduntasuna"
Txiki eta Otaegiren fusilamendua salatu zuten Xurgatu egin gintuzten abestian. Gasteizen 1976an erail zituzten langileak gogoratu zituzten Zaramagako boza-n, musika aldetik taldearen abestirik gogorrena den horretan. Alfonsoren ahotsa oso altu eta oldarkor entzun daiteke, mugaraino bortxatua. “Espainiako telebistarako grabatu genuen, UHFko Popgrama saiorako”, dio. Ama esnez, aldiz,amaiera epiko eta limurtzailea da. Azken horretan entzun daitekeen teklatua André Lafittek jo zuen.
Txerrak ahots ederra zeukan eta gitarra ere jotzen zuen, baina zarrastatuta, soinu lagungarri modura erabiltzen baitzuen. Gogora dezagun, gainera, beste bi gitarrista ere bazeudela taldean: Gabi eta Mitxi. Lehenago esan bezala, Txerrak flauta ere jotzen zuen, bi diskoetan hala akreditatuta ageri da. Ondorengoa da Txerraren balorazioa: “Bi LP haiek asko gustatu zitzaizkidan. Oraindik hor dauzkat eta tarteka entzuten ditut. Grabatu genituenean, oroitzen dut estudioan bertan entzun eta… Joe! Kristoren soinua zeukaten! Gero, ordea, biniloan entzun eta morala lurrera erori zitzaidan. Egia da 2016ko berrargitalpenean asko garbitu zutela. Edozein kasutan, lan oso ona egin genuela uste dut. Umiltasunez diot, noski, baina gure lanak pisua dauka. Indarra. Bigarren diskoa askoz ere hobea da niretzat, nahiz eta batek baino gehiagok esan didan ez dela lehena bezain gogorra”.
Jaime Iarritu pertsona garrantzitsua, gakoa, izan zen euskal rock progresiboan, eta zer esanik ez euskal rockean eta euskal kantagintzan. Xoxoa diskoetxearekin eta izen bereko estudioan egin zuen lana eta gauzei aurrea hartzeko eta arriskatzeko ahalmena erabakigarriak izan ziren. Koskaren bigarren diskoa Xoxoak argitaratu zuen eta berari esker grabatu zuten Jean Phocasekin Bacchanales estudioan. Iarrituk ganorazko azpiegitura profesional osoa lortu nahi zuen euskal musikagintzarentzat. Artistek baldintza tekniko duinetan lan egin zezaten nahi zuen, eta hain justu horretarako jarri zituen martxan Agerki kontratazio-enpresa lehenik eta Xoxoa diskoetxea gero, 1978an.
Dantzaldietara jauzia, amaiera, eta gerokoak
Bihozkadak izan zen Koskaren bigarren eta azken LPa. Gero, 1982an eta arrakasta handia erdietsiz gainera, dantzaldietara egin zuten salto, beste askok bezala. Ekonomikoki urte gozoak izan ziren, baina baita gogorrak ere. Astegunetan, ia egunero egiten zituzten entseguak. Asteburutan, dantzaldiak. Udan, hiru hilabetean 50 kontzertu eman zitzaketen. Bizirauteko modua izan zen, zalantzarik gabe.
“Euskal Rock Erradikalaren inguruko festibalak ugaritzearekin batera, gu genbiltzan munduaren gainbehera heldu zela ikusi genuen”
Alfonsok ere hala uste du: “Ikusi genuen festibal pila bat zeudela –Euskal Rock Erradikala delakoaren leherketaz ari da– baina gu sartuta geunden mundua gainbeheran zegoela. Gauzak horrela, dantzaldien zirkuituan sartu ginen eta arrakasta handia eduki genuen. Garaiak aldatu ziren. Ez gara betiko”. 1985eko abenduaren 31n Alfonsok Koska utzi zuen. Berarekin batera Mitxik ere alde egin zuen, baina bigarren hau itzuli egin zen eta baxua hartu zuen tarte batez. Taldeak 1998 ingurura arte jarraitu zuen.
1997ko udazkenean eskaintza kurioso bat jaso zuten: ETBk urte zaharreko ekitaldian parte hartzeko proposamena luzatu zien. Taldeak onartu egin zuen, baina zoritxarrez playbacka egin behar izan zuten. Garraztasuna kanta emititu zuten, baina baliteke beste abestiren bat ere kantatu izana.
Urteek aurrera egin ahala, Koskaren bi LP haiek ia ezezagun bihurtu ziren. Xoxoaren eskubideak Elkarrek erosi zituen hura desagertzean eta, azkenik, baita IZrenak ere 2015ean. 2016an, hainbeste hamarkadaz itxaron ondoren, bi disko haiek bermasterizatuta argitaratu zituzten CD bakar batean.