entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

Katebegiak 1972-1985

PIEZA GALDUEN BILA

Dj Makala Dj Makala

Klikatu argazkien gainean handiago ikusteko

Testua: Fernändo Alonso Abad
Argazkiak: Elkar artxiboa

Joan den mendearen bigarren erdiko hamarkadak emankorrak izan ziren Euskal Herriko musika harrobiari dagokionez. Lanbro poetikoa, alanbre-hesiak, martxa, amorrua. Baina espazio kultural berean Ez Dok Hamairu eta Rock Radikal Vasco bezalako bi mugimendu hain indartsuk bat egiterakoan, kantautore konprometituetatik punk lotsagaberanzko igarotze-denbora edo tarte horretan loratu ziren proposamenak itzalean geratu ziren. Arkeologo baten mimo berdinaz, Mikel Unzurrunzaga ‘DJ Makala’ pieza galdu horien bila ibili zen, eta orain urtebete ‘Katebegiak 1972-1985’ (Elkar) bilduma aurkeztu zuen. Hautaketa horrek dakartzan kantak, taldeak eta artistak denbora iragaiteko gai diren benetako harribitxiak dira.

 

1960ko hamarkada, dudarik gabe, Ez Dok Hamairurena izan zen: Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lourdes Iriondo, Mikel Laboa... Geroago, 80ko hamarkadan, Rock Radikal Vasco deritzona kanoikada bat bezala agertu zen musika panoraman: Zarama, La Polla Records, Eskorbuto, Kortatu... Bi mutur horien arteko katebegiak, aldiz, eklipsatuta geratu ziren, benetako harribitxien gisara dizdira egin arren. 

Izan ere, 1970eko hamarkadako euskal musikaren emaria aurrekoen eta ondorengoen artean lausotuta geratu bada ere, kalitate gorenekoa izan zen, munduko beste bazter batzuetan orduan egiten ari zirenarekin erabat alderagarria. Urteen poderioz, orduko musikari batzuk birtuosotzat jo izan dituzte kritikariek, eta ez da harritzekoa, beraz, garai hartako diskoak gaur egun hain estimatuak izatea. Gehienak deskatalogatuta daude, biana oso preziatuak dira nazioarteko bildumazaleen artean, hala nola, Japonian, Ameriketako Estatu Batuetan, Brasilen... Hori ez da kasualitate hutsa, noski. 

Mikel Unzurrunzaga, DJ Makala, konturatu zen tarteko garai hori, 70eko hamarkadakoa, galduta geratu zela, beharrezko errekonozimendurik gabe. Orduko gazteentzat, bizi izan zutenentzat, taldeak ezagunak diren arren, askorentzat deskubrimendu hutsa izan dira. Azken horietako bat da, hain justu, Makala bera: “Nola zen posible garai hartan Euskal Herrian halako musika egitea eta grabatzea?!” Beraz, harribitxi horiek errekuperatzea eta gaur egungo publikoari ekartzea helburu hartuta, aukeraketa bat osatzeari ekin zion. Bilduman talde gehiago sartu ezinik, etorkizunean bigarren hautaketa prestatzea ez du baztertu gainera. Katebegiak 1972-1985 ez da diskoetxe baten bilduma, baizik eta hautaketa pertsonal bat, ikuspuntu desberdinen bila, beharbada ahaztutako sentsazio edo jakinminak transmititzeko. Makalak esaten duen moduan, “diskoak ez dauka iraungipen-datarik, eta pribatuan disfrutatzekoa da.” 

Bi urte eman zituen ikertzen eta bilduma prestatzen, garai hartako musika entzuten eta aukeratzen; kanta batetik bestera, musikariz musikari, harribitxiak argitara ekarriz, 13 kantaz osaturiko binilo bikoitza (14 kanta, disko-liburuan) osatzeko. Antton Iturbek ere parte hartu zuen proiektuan eta, berak azpimarratu zuen moduan, “musika hau topikoetatik kanpo dago”.

Elkar, Xoxoa, Herri Gogoa eta IZ diskoetxeetako katalogoetatik egindako hautaketan, Haizea, Izukaitz, William S. Fischer, Magdalena, Enbor, Itoiz, Koska, Itziar, Errobi, Lisker, Amaia Zubiria eta Pascal Gaigne, Gontzal Mendibil eta Urria datorzkigu; baita Juan Arkotxa ere, CD-liburuaren bonus-trackean. Arkotxa musikari oso bitxia da. Indiara bizitzera joan zen, gero Eivissara, eta egun Eskoziako herri txiki batean dabil artzain. Ibilbide profesional eta pertsonal horretan musika proiektu ugari ere garatu ditu.

Artista eta talde horiek, eta bilduma honetatik kanpo geratu diren beste batzuek, aurrekoen erreferentziak galdu gabe eta sustraietatik urrundu barik, aurrerapauso nabarmena egin zuten sormen mailan, atzerriko musika-korronte batzuk Euskal Herriratuz. Rock progresiboa, sinfonikoa, folk psikodelikoa, jazz-rocka... gure herrietara ekarri zituzten, abangoardian ipiniz. Azpimarratzekoa da, bestalde, soinua tratatzeko trebezia tekniko harrigarria; baita alboka, txalaparta, txirula, dultzaina eta beste instrumentu tradizionalak uztartzeko modua ere.

Testuinguru soziopolitikoa ahaztu gabe, lirismo eta abstrakzio maila handiko hitzak landu zituzten, iraupen luzeagokoak, konplexuagoak eta handinahiagoak ikuspegi artistikotik. Albumen azalak, berriz, benetako artelanak dira, besteak beste, Jose Luis Zumetak edo Daniel Txopiteak sinatutako diseinuekin.

Talderen bat plazetatik ailegatu zen, Itoiz kasu. Eta besteren batek gerora jo zuen plazetako dantzaldietara ogibide bila; Lisker taldeak, esaterako, gaur egun plazetan jarraitzen du. Hurrengo hamarkadan, 80koan, asko desagertu egin ziren, eta egile gehienek musikagintzako beste arlo batzuetan bilatu zuten bere lekua. Hala ere, aztarna ezabaezina utzi zuten euskal musikan, denboran zehar iraun duen arrastoa. Talde mitikoak, baita euren bidea egiten jarraitu duten musikariak ere: Anje Duhalde, Mixel Ducau, Txomin Artola, Beñat Axiari, Fran Lasuen, Luis Camino, Joxe Portela... lehenago aipatu ditugun beste batzuez gain. Zerrenda oso luzea da.

 

Bi berrargitalpen

Katebegiak 1972-1985 lanarekin batera, garai hartako bi berrargitalpen kaleratu ditu Elkarrek, biak ala biak izugarri arrakastatsuak: bata William S. Fischerren Akelarre sorta bat (1972) da, eta bestea Amaia Zubiria eta Pascal Gaignen Egun argi hartan (1985).

William S. Fischer saxo-jotzaile afroamerikarrak Ray Charles, Muddy Waters eta Roberta Flackekin grabatu zuen, eta haiekin aritu zen Ameriketako Estatu Batuetan. Makalak azaldu duenez, “momentu batean Herri Gogoa diskoetxekoek pentsatu zuten euskal musika herrikoiari jazz, soul edota funky kutsua ematea. Garai hartan hemen inork halakorik egiten ez zuenez, New Yorkera jo zuten, han William S. Fischer aurkitu zuten eta disko bat grabatzea proposatu zioten”. Eta emaitza: Akelarre sorta, 1972. urtean ekoitzitako hamar abestiko soul-funky diskoa, Elkarrek erreskatatu eta berrargitaratu duena. “Baina, non zegoen disko hori?”, galdetu zion Makalak bere buruari. Albuma benetako aurkikuntza ederra da eta, harrera oso ona eduki duenez, Elkarrek bigarren edizioa kaleratu du jada.

Egun argi hartan beste harribitxi bat da. Amaia Zubiriak bere ahots hunkigarria jarri zuen, euskal musikagintzak eman duen ahots miragarri eta ederrenetako bat. Pascal Gaignek, berriz, zortzi kantak konposatzeaz gain, bandoneona eta sintetizadorea jo zituen. Diskoa grabatu zutenean, Gaignek 27 urte besterik ez zituen. Geroztik, bere ibilbide profesionala izugarria izan da, batez ere, filmen soinu-bandak konposatzen. 

Egun argi hartan diskoan euskal musika tradizionala eta orduko atzerriko abangoardia nahasten dira, emaitza zoragarria erdietsiz. 1985eko album originala oso preziatua da bildumazaleen merkatuan. Grabazio hartan parte hartu zuten soinu ingeniariaren izena ere nabarmentzekoa da: Jean Phocas ekoizle eta soinu teknikari lapurtarra. Jean Phocas baxu-jotzailea zen, hala nola Errobi taldean, baina arlo teknikora pasatu zen, eta 1974. urtean lagun batzuekin batera estudio txiki bat jarri zuen martxan Donibane Lohitzunen. Aurreko hamarkadetako euskal musika ezin da ulertu Jean Phocasen maisutasun teknikorik gabe.

DJ Makalak induskatutako urteetan oso azpimarragarria da emakume musikarien presentzia: Amaia Zubiria, Odile Kruzeta, Amaia Kareaga, Karla Ardanza, Itziar Egileor, Mariasun Iturriagagoitia, Gentzane Milikua. Baten batek jarraitu zuen musikagintzan, erreferentzia saihestezin bihurtuz, Amaia Zubiria kasu. Odile Kruzeta, aldiz, kazetaritzara aldatu zen eta euskaltzain urgazle ere bada. 

Itziar Egileorrek, berriz, Xoxoka diskoetxearekin Itziar izeneko disko liluragarria kaleratu zuen 1978. urtean, folka, jazza eta rock progresiboa nahastuz. Bildumagileek asko estimatzen duten benetako altxorra da diskoa. Itziar Egileorren ahots miragarria Itoizen Ezekielen ikasgaiak abestian ere entzun daiteke. Makalaren ustez, Itziar Egileor da “euskal musikaren sekreturik magikoena”. 

Itoiz taldean zebilen, hain zuzen, euskal musikaren beste erreferente saihestezin bat: Juan Carlos Perez. Taldea desegin zenean, 1988. urtean, bakarkako ibilbidea abiatu zuen, adierazpen berriak ikertuz, konpositore eta ekoizle lanak egiten, eta hainbat proiektutan parte hartzen. Besteak beste, Itoiz Suit gauzatu zuen, taldearen abestirik adierazgarrienak genero sinfonikora eramanez. 

Lehen aipatutako Itziar diskoan Edu Basterra musikari bilbotar oparoak ere parte hartu zuen baxua eta gitarra elektrikoa jotzen eta abesten. 20 urte izango zituen grabatu zuenean, eta Kazetaritza ikasten zebilen unibertsitatean. Fakultate hartan zebilen Zarama taldeko Roberto Moso ere. Euskal musikaren hurrengo urratsaren metafora ederra.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.