Karibeko, AEBetako zein Afrikako soinu-tradizioak eta britainiar inperioaren eskutik 400 urtez jasandako politika kolonialen eta arrazismoaren aurkako aldarria biltzen dituen diskoak mende erdia bete du.
Testua: Julen Azpitarte
Jamaikako musikak, hala nola reggaea, ska, rocksteadya eta duba, ulertzeko ezinbesteko obra eta lan paregabea da The Revelation Of Rastafari bandak 1973an argitaratu zuen Grounation diskoa.
Musika-tradizio karibearrak, estatubatuarrak eta afrikarrak fusionatzeko ariketa bikaina ez ezik, kolonialismo britainiarraren eta arrazakeriaren kontrako oihua izan zen. Eta, horrekin guztiarekin batera, kutsu espiritual handiko lana ere bai, rastafari mugimenduaren jarraitzaileak baitziren musikari guzti-guztiak. Hala, rastafari bizi-adierazpen gordinaren eta free jazzaren arteko uztarketatik loratu zen Grounation; hots, espiritualtasunaren eta abangoardiaren arteko batuketaren emaitza da. Diskoaren izenburuak berak (Grounation edo Groundnation, ingelesez) rastafarien bilkura zeremoniatsu bati egiten dio erreferentzia, musika ardatz duena gainera: danbor-hotsak, kantak, errezoak eta marihuanak eragindako kea.
Karibeko bi olaturen arteko talkatik sortu zuten Grounation tsunamia: batetik, Count Ossie-ren nyahbinghi danborrak eta haren perkusio taldea; eta, bestetik, Cendric Im Brooks-ek zuzentzen zuen haize-banda (tronpetak, tronboiak, klarineteak eta saxoak, gehi kontrabaxua). Musikari guztiak rastafariak ziren, eta Afrikako agintariek Jamaikara egiten zituzten bisitaldietan jotzen zuten, besteak beste, Mozambikeko presidente Samora Machelentzat.
Bada, aparteko grabazio horren 50. urteurrenaren harira, Soul Jazz zigilu britainiarrak edizio berezia plazaratu du, hiru LP, single, liburuxka, poster, eta ohar eta elkarrizketa berriekin borobildua. Maisulan batez gozatzeko modurik egokiena, oparotasunez eta zehaztasunez.
Jamaikan plazaratu zuten estreinako disko hirukoitza da Grounation. Lehen diskoaren A aldeak bi kanta biltzen ditu, Bongo Man eta Naration. Lehenengoak AEBetako jazzetik edaten du, eta perkusio-erritmo sinkopatuak dira nagusi. Naration doinuak, berriz, ipuin-kontalarien gisara, Jamaikaren historia kontatzen du: hitzekin batera, danborrak eta baxuak entzun daitezke, eta, tarteka, free jazz kutsuko saxoaren oihuak. Doinu hipnotikoa da, eta diskoaren bigarren aldearen hasierara arte hedatzen da. Berbak bultzatutako kanta horren ondotik, Karibeko erritmoekin jantzitako Mabrat (Passin Thru) dantzagarria dator. Lehen LP hori Poem eta 400 Years abestiekin amaitzen da. Bi horietan poesia eta musika uztartzen dira, gizakiaren duintasunaren aldeko eta kolonialismoaren aurkako ukabilkadak bailiran, hurrenez hurren.
Bigarren diskoa Poem eta Elders espiritualekin abiatzen da, eta lehenengo alde hori karibear soinuetan blai dator, Lumba eta Way Back Home doinuen eskutik, saxo eta tronboi errepikakorrek hauspotuta. B aldeak, aldiz, Ethiopian Serenade, Oh Carolina eta So Long jasotzen ditu. Azpimarragarria da oso, Oh Carolina proto-reggaetzat jo baitaiteke; antzeko ezaugarriak erakusten ditu, baita ere, So Long kantak, reggae kutsu nabarmena dario eta.
Grabazioaren gailurra, baina, hirugarren diskoarekin dator, lan osoari izena ematen dion kantarekin batera: lehenengo alde osoa hartzen duen eta bigarren aldean jarraipena duen Grounation Cont´d izenburudun kanta, hain justu. Hirugarren pauso horretan soul, funk, jazz eta reggae trazekin jositako ametsetako trantzean murgilduko da entzulea, erabat horditzeraino, gehienbat perkusioen itzelezko ahalmenagatik. Soul Jazz zigiluak berrargitaratu duen maisulan erraldoi hau Blacker Black eta Grounation (excerpt) doinuak biltzen dituen singleak borobiltzen du.
Karibe itsasoko Antilla Handietako uharteeko musiketara eta historiara iraganetik etorkizunera bidaiatzeko espaziontziaren izpi argitsuak haizatzen ditu Grounation handiak. Eta, egia esango dizuet: soinu-irla honetan betirako biziko nintzateke, Karibeko musiken inauterietan barrena alderrai.