entzun.eus

Musika albisteak
eta agenda astero
zure postontzian!


| Sindikatu - RSS | Testu tamaina AAA

Atzera Begira

bidali zure berria Bidali zure artikuluak
2022-12-06

BURDIN AROA

20 URTE 21 DISKO

INAXIO ESNAOLA Inaxio Esnaola kazetaria

Testua: Inaxio Esnaola

Nolakoa da Euskal Herriko heavy metalaren osasuna? Bi hamarkada hauetan hainbatetan erantzun behar izan dio galdera horri 'Herriko Burdina' webguneak. 2002an sortu genuenetik, bertako metalgintzaren lekuko fidela izan da, urtez urte talde eta argitalpen berriak dokumentatu ditu. Beraz, aproposagoa litzateke: nolakoa izan da Euskal Herriko heavy metalaren bilakaera 2002 eta 2022 urteen artean? Erantzun modura, disko bat aukeratu dugu urte bakoitzeko.


Ekon
Salatzen dut
Gor, 2002

Arrasateko Ekon taldea da abiapuntua. 2002an argitaratu zuten Salatzen dut hirugarren eta azken diskoa, urte bereko urrian uztea erabaki baitzuten. Euskarazko metal modernoaren aitzindarietako bat izan zen, eta zuzeneko ikusgarriei esker izan zuten oihartzuna. Hirugarren diskoa da beraien indartsuena, eta ezaugarri bakoitza behar bezala nabarmentzen duena: J. Sangreren ahots protagonista eta beste hiru abeslarien partaidetza, oinarri erritmiko sendoa, sintetizadoreak eta abesti borobilak. 2009an itzuli ziren kontzertu bira bat egiteko, eta urtebetera behin betiko desegin ziren. Urte berean argitaratutako beste disko aipagarri batzuk: Terrorista (Jousilouli), III (Asgarth) eta Fight to the end (Vhäldemar).

 

Legen Beltza
Insanity
Crash Music, 2003

Thrash metala jorratu duten euskal banden zerrenda ez da oso luzea. Azpeitiko Legen Beltza taldeak estiloaren aldeko apustu serioa egin zuen 2003an. Euskaraz abesteari utzi, eta nazioartera begira jarri ziren ingelesezko Insanity bigarren diskoarekin. Jeff Waters (Annihilator) musikariak nahastu zuen, eta AEBetako diskoetxe baten laguntzarekin euren abestiak munduratzea lortu zuten. Metallica, Exodus, Testament eta Megadeth gisako erreferenteekin, harrera ona izan zuten. Urte batzuk geroago, estatu mailako thrash loraldiaren parte izan ziren egun ezagunak diren Angelus Apatrida bandarekin batera. Benetako jauzia emateko aukera izan zutenean, atseden hartzea erabaki zuten, 2012an. Hala ere, lau urteren buruan itzuli ziren kontzertuak noizbehinka emateko.

 

Kudai
Hutsa
Oihuka, 2004

Nork ez du ikusi Ni naiz abestiaren bideoklipa? Donostiako Kudai taldearen aurkezpen txartela izan zen, eta, era berean, 2004ko Hutsa lehen diskoaren estreinako singlea. Bideo horrek proiektatu zituen, baita aurkeztu zuten proposamen berritzaileak ere. Orijinaltasunaren eztabaidatik harago, metala, euskara eta elektronika uztartu zituzten. Ez ziren aurrenekoak izan, baina osatu zuten formula hura berria zen belarri askorentzat. Fear Factory euskaldunak zirela adierazi zuten garaiko kritiko finek. Ez zeuden oker, ez. Bigarren diskotik aurrera, lorturiko efektua itzaltzen joan zen, 2020an banantzea erabaki zuten arte. Bitxikeria gisa, David Heras abeslariak ibilbide esanguratsua darama efektu berezien munduan, eta hainbat sari eskuratu ditu. 

 

Gojira
From Mars to Sirius
Listenable Records, 2005

Oraindik zalantzan jartzen dituenik bada. Baina Euskal Herrian sortu eta metal munduan urrutien iritsi den banda da Baionako Gojira. Nerabezaroan, musikari gisa hazten eta hezten ari ziren garaian, euskal eszena bertatik bertara bizi ahal izan zuten. Etxekotik edan zuten, aurrerago beraien bidea, berezkoa, eraikitzeko. Godzilla gisa hasi baziren ere, 2001ean hartu zuten Gojira behin betiko izena. Esanahi bera dute. Aldiz, lau urte geroago kaleratu zuten benetan mugarri izan zen diskoa. 2005eko From Mars to Sirius hirugarren lanak kokatu zituen munduan. Ordutik aurrerakoa hazkunde etengabea izan da, zentzu zabalenean. Muturreko metala, progresiboa eta groove metala modurik eraginkorrenean nahastea lortu du laukoteak. Urte hartan plazaratu ziren beste bi disko esanguratsu: Continuo Renacer (Continuo Renacer) eta Odola sutan (Idi Bihotz).

 

Conflict Noise
Arima galduak 
Autoekoizpena, 2006

Death metala euskaraz abestu zitekeela erakutsi zuen aurrenekoetako bat da Bilboko Conflict Noise taldea. Gordin samar hasi baziren ere, gutxira melodiak eta bestelako eraginak barneratu zituzten. 2006ko Arima galduak bigarren diskoa da hastapenetan izan zuten eboluzio naturalaren emaitza finena. Ez zuen aparteko oihartzunik izan, baina euskarazko death melodikoak eman duen harribitxietako bat da, zalantzarik gabe. Bandak ere lan hura estimatzen du, eta 2019an kaleratu zuten Agur eta ohore orain arteko azken lanean Arima galduak abestiaren moldaketa bat jaso zuten.

 

Aby-Kem
Azken guda
Gaztelupeko Hotsak, 2007

Erauntsi baten moduan agertu zen Bergarako Aby-Kem banda. 2006an bigarren Danbaka musika lehiaketa irabazi zuten eta, sari gisa, lehendabiziko diskoa grabatu zuten Arrasateko Shot! Estudioetan. Zuzeneko indartsuari esker jaso zuten merezitako saria, eta beraien groove metal basatia 2007ko Azken guda diskoan islatu zuten. Egia esateko, izenburuak iragarritakoa bete zen, beste lanik ez zutelako argitaratu. Horrela ere, aurrez beste talde batzuek (Brutal Melody, Eraso!, Kafha...) euskaraz landuriko doinuak suspertu zituzten. 2007a urte oparoa izan zen metal alternatibo eta modernoari dagokionez: The strong arm of the rock (Cobra), Iqharaturic (Naizroxa), Seeds of Hate (Dead Means Nothing) eta Sakeo (Koma).

 

Soziedad Alkoholika
Mala Sangre
Roadrunner, 2008

Klasikoetara ezin dira mugatu ibilbide luzea daramaten taldeak. Soziedad Alkoholika gasteiztarrek ondo dakite zein den urteetan eraiki duten ondarea. Klaseko azkarrenak izan ziren hemen hardcore punka eta thrash metala nahasten. Ez, ez ziren bakarrak izan, baina izena egin eta irautea lortu dutenak beraiek dira. Diskografia nahiko erregularra lortu badute ere, badira pizgarri gisa har daitezkeen lan batzuk. Esaterako, 2008ko Mala Sangre. Indarberrituta itzuli ziren, eta nazioarteko diskoetxe handi baten babesarekin. Zuzenekoetarako erregai paregabea konposatu zuten, eta kritika onak jaso zituen. Baten batek esango du kaleratu duten azken lan ona dela.

 

Darkness By Oath
Fear yourself 
Cyclone Empire, 2009

Suediako death metalari begira sortu diren banden artetik, Arrasateko Darkness By Oath da enbaxadore fidelena. Azpigeneroaren erreferenteen egitura, riff eta melodien berezko interpretazioa egiteko gai izan ziren. Omenaldi borobilena 2009ko Fear yourself  bigarren diskoarekin lortu zuten. Melodeath lan aparta ez ezik, Euskal Herriko metalgintzaren harribitxietako bat da. Pieza guztiak bere lekuan jartzea lortu zuten: sormena, ekarpena eta ekoizpena. Hasieratik bukaeraraino mantentzen du aipaturiko estiloaren benetako esentzia.

 

Aiumeen Basoa
Iraganeko bide malkartsutik
Erzsebet Records, 2010

Aurreko bi hamarkadetan, 2010 urteko uzta da onena argitalpen kopuruari eta kalitateari dagokionez. Horien guztien gainetik dago Mutrikuko Aiumeen Basoa taldearen iraupen luzeko lehen diskoa: Iraganeko bide malkartsutik. Euskarazko pagan/folk metal altxorra da, eta Euskal Herriko heavy metal diskografian letra larriz ageri dena. Adhur, Ilbeltz eta Numen taldeekin batera, black metal euskalduna sustatu zuten, gerora beste batzuek tantaka jarraitu dutena. Nolanahi ere, gipuzkoarrek aipaturiko lanarekin lorturikoa zoragarria da, muturreko metala eta euskal tradizioari loturiko musika tresnak ondoen uztartzen dituena. Urte bereko beste bi diskok ere aipamena merezi dute: A new dark apology (Orion Child) eta Piztien pare(Mendeku Itxua).

 

Gamora
Hate 
Autoekoizpena, 2011

Fenomeno txikiz beterikoa da euskal metalgintza. Danbatekoa eman eta batzuen arreta piztu ondoren desagertu diren bandak ere baditugu. Lezoko Gamora da horietako bat. Groove metal zein metalcore basatiarekin burua altxatu zuten, eta hainbat zaleren lepoak astinduarazi zituzten. Jousilouli ahaztezinen errautsetatik jaio zen Dirua taldearen oinordeko gisa har genezake Gamora, erabateko lotura izan ez arren musikalki ildo beretik aritu baitzieren. 2010ean Bilbo Hiria Musika Lehiaketa irabazi ostean, Hate disko bakarra argitaratu zuten 2011n. Gorroto guztia askatu zuten, agortzeraino.

 

NoDrama
The patient
Coroner Records, 2012

Berritzaile izatea ezinezkoa zirudienean, NoDrama bizkaitarrek The patient diskoa plazaratu zuten 2012an. Ezer asmatu gabe, baina asmaturikoari buelta bat emanez, proposamen erakargarria findu zuten. Metal berri, moderno eta alternatiboaren alorrean izan dugun ezustekoetako bat da aipaturiko lana. Melodiak, erritmoak, pasarteak, leloak... osagai guztiak dira onak. Beste disko askorekin gertatu moduan, oihartzun handiagoa izan zuen gure mugetatik kanpo. Dena den, taldekideek, aldaketak aldaketa, ez zuten pazientzia galdu, eta batek daki noizbait beste lanik kaleratuko ote duten!



Su Ta Gar
Bizirik gaude
Autoekoizpena, 2013

Euskal heavyaren aitzindariak bizirik daude. Eibarko Su Ta Gar taldea 1980ko hamarkada bukaeraz geroztik ari da egurra ematen, eta egun, oraindik, sua pizten dute agertokietan. 2013koa da, ordea, beraien orain arteko azken heavy metal diskoa: Bizirik gaude. Alegia, baladez osaturiko lanak aintzat hartu gabe. Laster hamar urte luze beteko dira disko hura atera zutenetik, eta pentsa daiteke horrelako batean iritsiko direla abesti berriak. Zuzenekoetan eskaintzen dituzten kanta klasikoak gainditzea zaila dirudien arren, azken disko hark gordetzen duen sugarra ez da itzali.

 

Gabezia
Bilanx
Autoekoizpena, 2014

Urruneko eta hurbileko erreferenteei so loratu zen Lasarte-Oriako Gabezia banda. Metal alternatiboa euskaldundu zuten, Pi.L.T, Berri Txarrak, Jousilouli, Ekon eta Eraso! estimatuen lekukoa hartu zuten. Horrela, 2014an Bilanx lehendabiziko diskoa borobildu zuten. Hasiberriek izan ohi duten freskotasun eder hori du, eta ohikoarekin erabat hausten duten zenbait osagai: riff pertsonalak, ahots joko deigarriak, letra esanguratsuak eta irisgarritasuna. Metalaren eta hardcorearen arteko proposamen irekia eraiki zuten, eta ez ziren horretara mugatu. Beste lan labur bat eta bigarren disko bat kaleratuta desagertu ziren, tamalez. 

 

Anestesia
Zirkulutik espiralera
Bonberenea Ekintzak, 2015

Beteranoen zerrendako lehen postuetan dago Zarauzko Anestesia. Ibilbidean hainbat eten egin arren, irauteko modua topatu dute, hamarkadak zenbatuz. Euskarazko thrascore doinuen aitzindariek 2015ean kaleratu zuten orain arteko azken diskoa: Zirkulutik espiralera. Hasierako bat-batekotasuna eta heldutasunak dakarren sendotasuna uztartzen ditu, jatorrizko izaerari kiribilduta. Taula gainean behar bezala aurkezteko denbora hartu zuten, zuzenekoen aroan joan-etorrikoak izan badira ere. Fenix hegaztiaren zain geratuko gara.

 

Hilotz
Giza ankerkeria
Autoekoizpena, 2016

Berriz ere thrash metala aipatzeak badu berea. Esan moduan, azpigenero honek Euskal Herrian duen tradizioa nahiko laburra da. Horregatik, thrash doinuak hauspotu diren bakoitzean, belarriak tentetu izan zaizkigu. Lasarte-Orian sorturiko Hilotz taldeak hori bera lortu zuen lehen maketarekin, eta 2016ko Giza Ankerkeria iraupen luzeko lehen diskoarekin. Azpigenero horretara mugatzen ez bada ere, euskal thrash dosi interesgarri bat eskaini zuten. Landuriko abestiak dira, askotariko pasarteekin. Ez dadila ‘thrasharia’ eten. Bestalde, urte berean plazaratu ziren beste hiru disko ere aipatu behar dira: The Secrets Are Written In The Sky (Aesthetic), Deshumanizazioa (Ankhar) eta Between Droughts And Fires (Late To Scream). 

  

Elbereth
Karma
Basque Metal Country, 2017

Hogei urteko bidea egin eta ospatu duten bandak badira gure artean. Horien artetik, bada bat lagunartean hazi eta iraun duena: Legazpiko Elbereth. Asmo handirik gabe, naturaltasunez, gustuko duten musika jorratuz bete dituzte urteak. 2017an plazaratu zuten Karma laugarren diskoa, eta orain arteko azkena. Lan batetik bestera izandako eboluzio etengabearen ondorioa da. Heavy metal klasikoa jotzen hasi ziren, eta muturreranzko joera nabaria izan dute. Thrash, death eta groove metal doinuekin aberastu dute gaur egun direna. Irauteko gako bakar bat ez dago, baina beraiek badakit zer behar duten horretarako. Urte berean, metal alternatiboak bi erreferentzia laudagarri ekarri zituen: Irkaia (Irkaia) eta Performance (Bourbon Kings).

 

Rise To Fall
Into zero
Autoekoizpena, 2018

Hanka bat etxean badute ere, bestea kanpoan jarri dute Rise To Fall bizkaitarrek. 2006 urrunean azaldu ziren death melodiko modernoarekin zeresana emateko. Eraginak oso agerian zituzten orduan, eta pixkanaka lortu zuten berezko ekarpenari forma ematea. Gehiegi landu den generoa berritzeko nahiak eman die indarra. Horren isla da 2018ko Into zero diskoa. Lurraren eta bertan bizi direnen etorkizuna bermatu nahi duen izaki gorenaren istorioa kontatzen duen kapitulu borobilena da. Era berean, garrantzitsua izan zen haientzat, nazioartean hedapen nabarmenena izan duen lana delako. Metal munduan ‘Made in Basque Country’ zigilua daramate.

 

Numen
Iluntasuna besarkatu nuen betiko
Les Acteurs de l'Ombre Productions, 2019

Hamabi urteko isiltasun hotzarekin bukatzeko modurik ilunena topatu zuen Arrasateko Numen bandak. 2019an argitaratu zuten Iluntasuna besarkatu nuen betiko laugarren lana, eta euskarazko black metala suspertu zuten. Gogora dezagun aitzindarien klubekoak direla, eta horietatik disko gehien kaleratu dituen banda. Aro gordinagoa atzean utzita, metal beltza paganismoarekin, folkarekin eta euskal mitologiarekin uztartzeko abilezia berreskuratu zuten aipaturiko diskoarekin. Urte hartako beste bi disko azpimarratu behar dira: The Silver Ghost (Childrain) eta Emergence (Mise En Abyme).

 

Diabulus In Musica
Euphonic entropy
Napalm Records, 2020

Heavy metala eta musika klasikoa batzen dituen metal sinfonikoak historia luze eta arrakastatsua du nazioartean. Euskal Herriak ere badu bere enbaxadorea munduan: Iruñeko Diabulus In Musica. Bi musikariren ahaleginak fruitua eman zuen duela urte batzuk, eta metal alorreko diskoetxe ospetsuekin lan egitera iritsi dira. Zuberoa Aznarez abeslaria eta Gorka Elso teklatu-jotzaile zein konposatzailea dira oinarria, eta ametsak errealitate bihurtzea zer den badakite. 2020ko Euphonic Entropy bosgarren diskoarekin harrera beroa jaso zuten, eta euskarazko kanta bat erabili zuten lehen single gisa. Goi mailara iritsi dira, baina gorago jo dezakete.



Incursed
Baskavigin
Helheim Records, 2021

Euskal baleazaleen sarraskia musikatzeko folk metal talde bat baino hobeagorik bada? Bizkaiko Incursed izan da, dokumentalez harago, Baskaviginizenburuarekin disko bat kaleratu duen lehena. 2021eko lanik onenetakoa izan zen gure metalgintzari dagokionez, eta aurrerapauso serioa bizkaitarren diskografian. Batez ere, oinak gure lurrean jarri zituztelako euskarari eta euskal folkari tarte nabariagoa emanez. Dena den, ezin da aipatu gabe utzi izatez Aranda de Duerokoak (Espainia) direnik. Sortzaileek Bizkaira etortzean egonkortu zuten banda, eta gure artean hazi ziren. Beste batzuen jatorriarekin tematzen direnean aintzat hartzeko kasu bat da beraiena.

 

Broken Legacy
Ortzimuga
Autoekoizpena, 2022

Oñatiko Broken Legacy banda da hogei urteotako bidaiaren bukaera. Eta hemendik aurrerakoaren hasiera. Ez da erraza oraindik amaitu ez den urte bateko lan erakusgarriena aukeratzea. Alabaina, Euskal Herriko metalgintzak izan duen eboluzio logikoa azaltzeko oso baliagarria da Ortzimugadiskoa. Metalaren eta hardcorearen inguruko tendentziak dira gazte belaunaldi gehien mugitzen dituztenak. Noski, doinu gogorren alorraz ari gara. Euskarazko metalcoreak ere bere lekua duela erakutsi du nabarmenduriko bandak. Auskalo aurrerantzean zein azpigenerok eta taldek iraunaraziko duten Euskal Herriko metalgintza! Edozein kasutan, metalak gurean badu etorkizunik.

 

bidali zure artikulua Bidali zure artikulua
Bidali zure iruzkina


kaptxa

bai, ezagutzen dut datuen erabilpen politika eta onartu.

bai, entzunen buletina astero jaso nahi dut.