Testua: Gotzon Hermosilla
Abenduan 25 urte beteko dira Hellacopters taldeak Euskal Herrian lehenengo kontzertua egin zuenetik. Urteurren hori aitzakiatzat hartuta, pentsatu dugu rock eskandinaviarraren olatu hark utzitako arrasto sakona gogora ekartzea, gainetik bada ere.
1997ko Gabonetan izan zen. Abenduaren 26an, eta La Secta-k lagundurik, Hellacopters izeneko talde batek jo zuen Berangoko Purgatorio aretoan. Artean ez geneukan erreferentzia askorik talde hartaz: suediarrak zirela, Detroiteko high energy tradizioa eguneratu egiten zutela eta, Kike Turmixi kasu egitera, oso onak zirela (baina garai hartan Kike Turmixen iritziz talde guztiak ziren bikainak, batez ere kontzertua berak antolatzen bazuen). Ez dakit zenbat lagun bildu ginen areto txiki hartan Hellacopters ikustera, ehun inguru-edo, baina han geunden guztiok aho bete hortz atera ginen handik, zerbait oso handia ikusi izanaren sentsazioarekin. 25 urte beteko dira orain.
Hamar urte geroago, 2007ko irailaren 19an, Hellacopters gurean izan ziren berriro, baina agur esateko. Barakaldoko Rock Star aretoa mukuru bete zuten, zaleek bazekitelako taldea desegingo zela eta hura izango zela ikusteko azkeneko aukera (geroztik berriro batu dira eta bizpahiru aldiz egin digute bisita, baina hori beste istorio bat da). Hura ere kontzertu gogoangarria izan zen eta, askoren ustez, amaiera jarri zion hamar urte lehenago hasitako etapa bati.
Izan ere, 1997 eta 2007 bitartean, Europako iparraldetik zetorren rock’n’rolla boladan izan zen, eta Euskal Herria ez zen olatu hartatik aparte geratu. Hellacoptersen lehenengo bisitaldi hartan koka dezakegu inbasioaren hasiera; bai, badakigu Turbonegrok urtebete lehenago jo zuela estreinako aldiz gurean, 1996ko abenduaren 28an Bergaran, baina orduan inork ez zuen oraindik rock eskandinaviarraren oldarraldiaz hitz egiten. Turbonegro, Hellacopters, Gluecifer, Backyard Babies eta gainerakoak multzo berean sartzearena geroago iritsi zen.
Hamar urte haiek oso dibertigarriak izan ziren. Ipar Europako taldeen etorrerak odol berria txertatu zion rock’n’rollari, eta disko bikainak eta kontzertu gogoangarriak utzi zizkigun. Talde guztiek rock’n’rollaren alderik grinatsuenari ekiten zioten: batzuk punkyagoak ziren, beste batzuen soinua hard rockarekin edo garagearekin lerratuagoa zegoen, baina energia eta gitarra ozenak ziren guztien ezaugarri.
Orain, 25 urte hauek ematen duten ikuspegitik begiratuta, are argiago uler daiteke inbasio hark izan zuen garrantzia: gaur egun 40-45 urte inguru dituen jende asko talde horiek entzuten zaletu zen rock’n’rollarekin. Ez da gure asmoa nostalgiari zirrikiturik zabaltzea, baina une aproposa da hamarkada hartako oldarraldi eskandinaviarra gogora ekartzeko.
Hellacopters
Esan bezala, suediarrak izan ziren olatu haren aitzindariak. Euskal Herrira lehenengo aldiz iritsi orduko bi disko bikain zituzten grabaturik: Supershitty to the max (1996) eta Payin’ the dues (1997). 1998an Dregen gitarra-jotzaileak taldea utzi zuen Backyard Babies-en zentratzeko, eta geroago hirugarren diskoa grabatu zuten: Grande rock (1999). Hura aurkezteko Euskal Herrira itzuli ziren eta 1999ko ekainean Rockazoka jaialdian jo zuten, Bilbon (ETBk kontzertua grabatu eta emititu ere egin zuen; suposatzen dut grabazioa ETBren artxiboetan egongo dela). Zuzeneko horren ondorioz, Hellacopters modako taldea bilakatu zen euskal rockzaleen artean, eta horren froga iritsi zen azaroaren 1ean berriro itzuli zirenean, Kafe Antzokia toperaino betetzera.
2000ko urrian High visibility argitaratu zuten, eta pare bat hilabete geroago Bergaran jo zuten. Ordurako, Hellacopters ez ziren sekretu edo promesa bat, ongi egonkorturiko errealitatea baizik, eta taldearen arrakastak bere horretan iraun zuen hurrengo urteetan, rock klasikotik gero eta hurbilago zeuden diskoak argitaratuz, harik eta 2008an agur esatea erabaki zuten arte.
Gluecifer
Norvegiarrak ziren, eta Euskal Herrian lehenengo aldiz jo zutenean, 1998ko maiatzean (Hellacoptersek baino lau hilabete geroago), jende asko hasi zen pentsatzen Eskandinaviatik hainbeste talde batera iristea ezin zela kasualitatea izan. Lehenengo singleetan punk rock sutsua egin zuten, eta horren aztarnak ere badaude Ridin’ the tiger lehen Lpan (1997), laster hard rockera jo zuten, ordea. 2005ean desagertu ziren, baina bueltan dira berriro, eta aurten, esaterako, gurean jo dute ostera ere (azaroaren 17an, Bilboko Santana 27 aretoan).
Turbonegro
Han zeuden bikingoen inbasioa hasi aurretik, eta jarraitu egin zuten rock eskandinaviarraren olatua amaitu ostean ere. Dudarik gabe, ordea, goraldi hark mesede egin zien, eta lagungarri izan zitzaien ikusle gehiagorengana iristeko. 1998an Apocalypse dudes bikaina (Turbonegroren ordura arteko diskoen artean entzuteko errazena) argitaratu izanak ere zerikusia izan zuen horretan.
Turbonegrorekin oso ohikoa ez den zerbait gertatu zitzaigun garai hartan: talde baten autosuntsiketaren lekuko izan ginen, zuzen-zuzenean. 1998ko azaroaren 25ean Kafe Antzokian jo zuten, Safety Pins taldea gonbidatu zutela, eta kontzertua ikaragarria izan bazen ere, oso nabaria izan zen taldea hondamendira zihoala, aldapan behera eta abiada bizian, drogaren eta eromenaren atzaparretan kateatuta. Hiru aste geroago Turbonegro desegin zen, Hank von Helvete abeslaria psikiatriko batean ingresatu ostean drogekin zituen arazoak zirela eta. Talde norvegiarra 2002an itzuli zen, eta geroztik askotan jo dute Euskal Herrian, baina hori ere beste istorio bat da.
Backyard Babies
Banda honen kasuan, bereziki mesedegarria izan zen rock eskandinaviarra boladan paratzea. Hellacopterseko Dregen-en talde nagusia zen, eta horri esker hasi ziren gurean ezagun bilakatzen, ordurako beterano samarrak ziren arren. Taldearen glam punkak zale asko izan zituen hemen, batez ere Total 13 (1998) eta Making enemies is good (2001) diskoen bitartez.
The Hives
Suediatik zetozen, eta horregatik sartu izan zituzten rock eskandinaviarraren multzo horretan, baina berdin-berdin sar zitekeen White Stripes, Strokes eta mende berriaren hasieran garage rocka eguneratu zuten talde horien txapelketa berean. Euskal Herrian Hellacoptersen talde gonbidatu gisa ikusi genituen, olatu hartako gainerako taldeek baino soinu garageroagoa zuten, eta Hate to say I told you so kantaren riffak klasiko bat izaten jarraitzen du.
Eta, noski, izen handi horien itzalean talde ugari aritu ziren, ezezagunagoak, hainbesteko sona lortu ez zutenak baina urte haietan bizitza alaitu zigutenak: Anal Babes ikaragarriak (Turbonegrok urte hauetan guztietan galdu duen letxe txarra borborka zuten haiek), The Sewergrooves (horiek ere Euskal Herrian izan genituen zuzenean jotzen, eta 2004an disko bat partekatu zuten Señor No-rekin), Yum Yums (poperoagoak, Glueciferrekin batera jo zuten taldearen lehenengo bisitaldian, 1998ko apiril urrun hartan), Henry Fiat’s Open Sore, A-Bombs eta gaur egun nahiko ahaztuta dauden beste hamaika talde. Bikingoen ondareak gure artean dirau.