Half foot outside
Bartzelonatik oso berandu iritsi ziren Maple taldekoak. Kontzertua 20:30etan zen hastekoa baina bi ordu beranduago entzun zen lehen akordea. Zorionekoak hortaz (behingoz bada ere) berandu iritsi ginenok. Hala ere, Edu, Half Foot Outsideko bateria joleari oso urduri ikusi genion sakelako telefonoari itsatsita, Kataluniarrak agertu ez eta aretoan jende dezente zegoela ikusita. Maplekoek ireki zuten gau musikala. Oso denbora gutxi zuten berotzeko eta jotzeko, baina zinez lortu zuten indarra, tentsioa eta sakontasuna poparen zerbitzura jartzen. Gutxi jo zuten, baina bikain. Musikariak flipatzen ikuste soilarekin aski izan genuen. Maple-koen lehen lana entzunda genuen soilik, duela denbora dezentekoa beraz, eta lehen grabazio horretan entzundakoa baino askoz ere gehiago gustatu zitzaizkigun zuzenean. Half Foot Outsidekoek aldiz ez zuten euren azken diskoaren maila erdietsi, emanaldi indartsua eta polita eman bazuten ere. Segur aski, horrenbeste itxaroteak eraginen zien. Hala ere, esandakoa, ongi aritu ziren eta beren azken diskoan oinarritutako kontzertu indartsua eta intentsitatez betea entzun genuen.