Bitxikeri asko dago musika munduan eta disko hau da horietako bat. Hasiera batean behintzat inolako harremanik ez duten The Bug, The Rootsman, Daddy Freddy eta Dj Rupturek bat egiten dute sei kantuz osatutako disko honetan. Lehenengo hirurak Daddy Freddy abeslariak konposatuak eta The Rootsmanek nahastuak dira eta nahasketa hauei The Bug-ek apaindura elektronikoak gehitu dizkio. Diskoaren bigarren partean berriz, azken hiru kantuetan, Dj Rupturek egindako musika entzun daiteke, techno abstraktuaren bidetik (nolabait definitzearren) eta Elizabeth Alexanderren bi olerki liburuetatik (He Venus Hottentot eta Antebellum) ateratako olerkiekin, Elizabeth beraren ahotsean. Diskoa ez da gure altxor preziatuen artean gordeko dugun horietakoa, baina Daddy Freddy abeslariari omenaldia egiteko aitzaki gisa balioko digu. Jamaikar musikaren usaiak dastatzen urteak daramatzatenek gogoratuko dute 80. hamarkada bukaeran, raggamuffin musikaren urrezko garaian, Daddy Freddy izan zela musika horrek nazioarte mailan izan zuen izarrik handienetakoa. 1985ean Studio One zigiluan lehen singlea kaleratu eta gutxira Sugar Minnoten Youthman promotion sound systemari esker Ingalaterran eta gero AEBetan Sturmansekin aritu zen kantari. Tenor Saw, Yami Bolo, Heavy D, Cypress Hill, Steel Pulse, Burning spear, Prodigy, KRS One eta antzekoekin ibili eta gero itzalean pasa ditu azken urteak. Orain, The Rootsmanen eskutik bueltatu da, dub ragga eta musika elektronikoaren esparruan borrokatzeko. Ongi etorri.