Pin Pan Pun 2002an sortu zenetik geldirik egon ez den talde horietakoa da. Etsaiak taldeko Auok gidatu duen proiektua izanda, asko harritu gintuen Lehenengo bolumena (Oihuka) aurkezpen diskoak. Doinu latino eta beroak entzungai ziren disko horretan, technoaren laguntzaz osatuak momentu batzuetan. Denborarekin ordea, alde batera gelditu dira errekurtso horiek eta oraingo disko berrian aurretik Etsaiaken erabilitako doinu hardcore, punk, metal eta erritmo indartsuak erabili dituzte. Gazteleraz datozen bi kantu ere aurkitzen ditugu eta kritika soziopolitikoek betetzen dituzte letrak. Duela hamar urte Etsaiakek egingo lukeen diskoa izan daiteke hau. Pin Pan Punen lehen diskoetan aurkezten zizkiguten doinu latino eta anitzak gustuko dituztenek ordea ez dute hemen horrelako doinurik aurkituko. Diskoaren grabaketan Etsaiaken aritutako hainbat kidek parte hartu dute, horrek diskoari norabidea markatzen diolarik hein batean. Eta gainera, azken urtean elkarrekin eskaini dituzten kontzertuak kontuan izanda, disko logikoa dirudi honek. Energia eta borrokarako gogoz beteta dagoen diskoa.